Futbola
Lagunartekoa Qatarren
Txapeldunen arteko borroka
Erredakzioa
Espainia Europako eta Munduko txapeldunak eta Uruguai Amerikako txapeldunak neurketa jokatuko dute Dohan, eta bildutako dirua Espainiako Futbolarien Elkartearentzako (AFE) izango da.
-
Espainiaren entrenamendua Dohan. EFE
Espainia Europako eta Munduko txapeldunak eta Uruguai Amerikako txapeldunak neurketa jokatuko dute gaur Dohan, eta bildutako dirua AFErentzako (Espainiako Futbolarien Elkartea) izango da. Txapeldunen arteko duelua ekainean jokatu beharreko Konfederazio Kopari begira azterketa izango da.
Vicente del Bosque eta Oscar Washington Tabarez hautatzaileek ondorioak atera eta probak egingo dituzte 2013ko aurreneko partidan. Espainiak sentsazio onenak berreskuratu nahi ditu, Frantziaren kontra Vicente Calderon futbol-zelaian berdinketa batekin urteari agur esan eta gero. Uruguaik, ostera, Brasileko Munduko Txapelketarako sailkapena lortzeko hobekuntza bilatu nahi du. Martxoan Paraguai eta Txile hartu behar ditu Uruguaik.
Denborak eta arrakastak Del Bosque Espainiako historian hautatzaile onena bezala jarri dute. Ladislao Kubalaren norgehiagoka kopurua berdinduko du Del Bosquek Uruguairen aurrean. Horrela, 68 neurketa zuzenduko ditu Espainiako entrenatzaileak. 2010eko Munduko Kopa eta 2012ko Eurokopa poltsikoan dituela egin du bidea Del Bosquek.
Baja garrantzitsuak ditu Espainiak. Horrela, aurpegi berriak eraman ditu hautatzaileak: Cesar Azpilicueta, Mario Suarez eta Isco Alarcon.
Aurrean Uruguai maila handiko taldea izango du Espainiak. Eraso beldurgarria du Hegoamerikako taldeak. Diego Forlan handiaren lekukoa Luis Suarez Liverpooleko jokalariak eta Edinson Cavani Napoliko goleatzaileak hartu dute azken urteetan.
Ustezko hamaikakoak:
Espainia: Victor Valdes; Arbeloa, Puyol, Sergio Ramos, Jordi Alba; Busquets, Cazorla, Cesc; Iniesta, Pedro eta Silva.
Uruguai: Fernando Muslera; Martin Caceres, Diego Lugano, Diego Godin, Cristian Rodriguez; Diego Perez, Egidio Arevalo Rios, Alvaro Gonzalez, Nicolas Lodeiro; Edinson Cavani eta Luis Suarez.
Epailea: Fahad Jaber (QAT).
Futbol-zelaia: Khalifa International Stadium.
Ordua: 19:00etan.