Futbola
Azken jardunaldia
Europarako sailkapena eta jaitsiera, gori-gorian
Erredakzioa
Reala eta Valentzia Txapeldunen Ligarako azken txartelagatik lehiatuko dira. Beheko aldean, berriz, Deportivok, Zaragozak, Mallorcak eta Celtak lehen mailan jarraitu nahi dute.
-
Valentziak eta Realak Txapeldunaren Liga jokatzeko azken txartela nahi dute. Efe.
Realak eta Valentziak Txapeldunen Liga dute helburu, eta azken jardunaldian eskura duten txartel bakarragatik lehiatuko dira. Valentziarrek abantaila dute, Realak baino bi puntu gehiago dituzte eta euren eskuetan dute txartela poltsikoratzea.
Europako Liga jokatzeko beste bi postuek, seigarrenak eta zazpigarrenak, ez dute jabe finkorik. Hasiera batean, postu horietako bat Malagarentzat da, baina Andaluziako taldeak zigorra du eta zigor hori kentzearen zain da, Europan jokatu ahal izateko.
Europa Liga jokatzeko bigarren postua lortzeko aukera gehien dituen taldea Betis da. Europatik kanpo geratzeko, azken partida galdu egin beharko lukete eta Rayok berea irabazi. Hala eta guztiz ere, sevillarrek Europan jokatzeko aukerari eutsioko liokete, Malaga (seigarren) zigortuta dagoelako eta Rayok (zazpigarren) ez duelako, momentuz, Europan lehiatzeko baimenik.
Sevilla eta Getafe taldeek ere Europako Liga jokatzeko sailkapena lortu dezakete; horretarako, euren partidak irabazi eta Malagak eta Rayok jokatzeko baimenak ez lortzea behar dute.
Jaitsiera, estu-estu
Deportivo, Zaragoza, Mallorca eta Celta dira azken jardunaldian jaitsiera saihesten saiatuko diren lau taldeak.
Coruñako Deportivo da lehen mailari eusteko aukera gehien dituena. Fernando Vazquezen taldeak Reala hartuko du Riazorren. Donostiarrek ere asko dute jokoan partida horretan, Txapeldunen Liga jokatzeko lehian sartuta baitaude.
Vigoko Celtak, berriz, aurrerapauso handia eman zuen aurreko jardunaldian Valladolid 0-2 mendean hartuta. Azken partida etxean jokatuko dute, Espanyolen kontra. Kataluniarrek ez dute ezertxo ere jokoan.
Mallorcari dagokionez, Valladolid hartuko du etxean. Gregorio Manzanoren mutilek partida irabazi eta Deporrek Realaren kontra porrot egitea behar dute.
Azkenik, Zaragozak Atletico Madrid taldearen kontra jokatuko du. Madrildarrek Txapeldunen Liga ziurtatuta dute. Zaragozak bere partida irabazi eta Riazorren gertatzen denaren zain egon beharko du.