Itxi

Futbola

3-3

Alavesi azken hamar minutuetan ihes egin dio garaipenak

Erredakzioa

Arabako taldea 3-1eko emaitzarekin iritsi da azken hamar minutuetara, baina Recreativok partida berdintzea lortu du 82. eta 88. minutuetan lortutako golekin.

3:25

Alavesi azken minutuetan egin dio ihes garaipenak. Bigarren Mailako liderra den Recreativo izan du aurkari Arabako taldeak, eta partida hirunako berdinketarekin (3-3) bukatu da.

Partida erritmo biziarekin hasi da, eta Recreativok azkar sartu du lehen gola. Linaresek 1-0ekoa egin du, 7. minutuan. Gola hartzeak erasokor jokatzera behartu du Alaves, eta 18. minutuan partida berdintzea lortu du Arabako taldeak. Ion Velezek banakoa (1-1) sartu du. Norgehiagoka parekatua eta joan etorrikoa izan da lehen zatian eta bi taldeek beste golen bat sartzeko abaguneak sortu dituzte, baina Alaves izan da atsedenaldira iritsi baino lehen gola sartu duen taldea. Golegilea, Ion Velez izan da berriro (2-1).

Bigarren zatiaren hasiera ere ez da makala izan. Bi taldeak gogotsu atera dira berdegunera eta Alavesek azkar sartu du hirugarren gola. Morcillok eskuarekin moztu du hegaletik egindako erdiraketa eta epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi du. Borja Viguerak egin du penalti jaurtiketa, eta 3-1ekoa ezarri du markagailuan.

Hirugarren golaren ostean, kontrolpean izan du norgehiagoka Alavesek eta aldea handitzeko abagune argiak ere izan ditu, baina jokalariak ez dira ondo ibili aurkariaren ate aurrean. Recreativok ez du arrisku handirik sortu Goitiak defendatutako ate inguruan, baina 82. minutuan aldeak murriztea lortu du Alvaro Antonek (3-2), eta azken minutuetan gogotik estutu du Recreativok. Huelvako taldeak berdinketaren bila jo du, eta 88. minutuan lotu du hirunakoa sartzea (3-3). Rubio izan da gola bere atean sartu duen jokalaria. Azkenean, puntu bat eskuratu du talde bakoitzak.

Fitxa teknikoa:

3 - Alaves: Goitia; Oscar Rubio, Jarosik, Mora, Manu Garcia; Jaume, Lazaro, Emilio (Quiroga, 90. min); Guzman (Juanma, 78. min), Viguera, Ion Velez (Toti, 64. min).

3 - Recreativo: Cabrero; Cifu, Menosse, Ruyman, Morcillo (Calvente, 63. min); Dimas, Zamora, Montoro; Alvaro Anton, Linares, Joselu (Valle, 75. min) (Gallegos, 79. min).

Golak: 0-1, 6. min: Linares. 1-1, 17. min: Ion Velez. 2-1, 44. min: Ion Velez. 3-1, 49. min: Viguera, penaltiz. 3-2, 83. min: Alvaro Anton. 3-3, 88. min: Oscar Rubio, bere atean.

Epailea: Lesma Lopez.