Itxi

Futbola

Errege Kopako finalerdia

Madrildarren arteko derbia, finalerako txartela lortzeko borrokan

Erredakzioa

Atleticok kontrako 3 eta 0ekoa irauli behar du; erronka zaila, kontuan izanda Real Madrilek 14 urte daramatzala Vicente Calderonen partidarik galdu gabe.

  • Real Madrilek dena alde dauka Kopako finalerako txartela eskuratzeko. Efe.

    Real Madrilek dena alde dauka Kopako finalerako txartela eskuratzeko. Efe.

Madrildarren arteko derbitik aterako da Errege Kopako txapelketako lehen finalista. Real Madrilek hiru goleko errenta lortu zuen joaneko partidan, eta Ancelottiren gizonak finalean egoteko faborito nagusiak dira, are gehiago Atletico Madrilen inguruan azken asteetan sortutako zalantzak ikusita.

Azken sei egunetan bi taldeen arteko giroa erabat aldatu da. Bernabeun partida eskasa jokatu ostean, Almeriaren aurka ere huts egin zuen Simeoneren taldeak (2-0). Ligako lehen postua galdu dute eta Kopan aurrera egitea ere oso zail dute.

Ondorioz, apustuak Real Madrilen aldekoak dira. Zuriek, gainera, bolada bikaina dute Vicente Calderonen: 14 urte daramatzate bertan galdu barik, 1999ko ekainaren 12tik. Ordutik hona jokatutako 13 partidetan bi berdinketa eta 11 garaipen lortu dituzte (azken zazpiak, jarraian).

Carlos Ancelottik kontzentratuta eta anbizioz jokatzeko agindua eman die jokalariei. Italiarrak lehen finala jokatu nahi du Real Madrilekin.

Bernabeuko taldeak finalerako txartela lortu nahi du, eta, bide batez, Ligan aurkari zuzena den taldeari kolpea eman nahi dio. Cristiano Ronaldo izango da taldeko liderra.

Litekeena da bi taldeek ondorengo hamaikakoak zelairatzea:

Atlético Madril: Courtois edo Aranzubia; Juanfran, Miranda, Godín, Manquillo edo Insua; Gabi, Koke edo Mario; Raúl García, Diego Ribas, Arda edo Koke; eta Villa edo Adrián.

Real Madril: Casillas; Arbeloa, Varane, Ramos edo Pepe, Marcelo; Xabi Alonso, Illarramendi, Isco; Bale, Cristiano Ronaldo eta Benzema.

Epailea: Undiano Mallenco (nafarra).

Estadioa: Vicente Calderon.

Ordua: 21:00etan.