Itxi

Futbola

Liga, jokoan

Real Madril- Bartzelona: 'Klasikoa'ren gakoak

Erredakzioa

Partidak berebiziko garrantzia du bi taldeentzat. Madrildarrak lider dira; hiru puntuko aldea dute Atletico Madrilekin eta lau puntukoa kataluniarrekin.

  • Iniesta eta Modric, Bartzelonan jokatutako partidan. Efe.

    Iniesta eta Modric, Bartzelonan jokatutako partidan. Efe.

Real Madrilek eta Bartzelonak goi-mailako beste partida bat jokatuko dute, 'mendeko partida' ezizenaz ezaguna egin den horietakoa. Bien arteko norgehiagokek egin ohi duten bezala, igandekoak ere ikusmin handia piztu du, morbo kutsua ahaztu barik.

Neurketak hainbat berezitasun ditu, zein baino zein erakargarriagoak: Ancelotti – Martino entrenatzaileen arteko lehia, Cristiano Ronaldoren eta Messiren artekoa...

Bartzelonak, gainera, ezinbestekoa du puntaren bat lortzea. Bi urte daramatza Bernabeun irabazi gabe, eta porrot batek zazpi puntura aldenduko luke Real Madril.

Baina garaipena lortuz gero, lidergoa puntu bakar batera izango lukete, eta Liga berriro irabazteko aukerak hurbilago izango lituzkete.

Ancelotti vs. Martino

Martikon argi dauka Bernabeun nola jokatuko duen. Hala adierazi zuen Osasunari zazpi gol egin ostean. Eta argentinarra ez da iritziz erraz aldatzen duen horietakoa.

Ancelottik ere ez du aldaketa askorik egingo. Sistemarekin asmatu egin du, pauso garrantzitsua emanda: taldearen estiloa aldatu du. Real Madrilek baloiaren kontrola hartzen du, eta abiadura bizia ematen dio erasoari.

Bi entrenatzaileen arteko lehia, mundu mailan ikus daitekeen erakargarrienen artean dago.

Kontrola vs. abiadura

Bartzelona baloiaren kontrola hartzen saiatuko da hasiera-hasieratik, presioa egin eta aurkariaren jokoa eteten saiatzeko: erasoan lekua hartzea eta Dani Alvesek eta Jordi Albak hegaletatik min egitea izango da kataluniarren estrategia.

Zelai erdiko borroka izango da partidako beste gakoetariko bat. Xabi Alonso, Modric eta Di Maria. Indarra, kalitatea eta baloia edukitzeko gosea. Aurrean, Busquets, Xavi eta Iniesta izango dira, Bartzelonaren estiloa arrakastatsuaren oinarrian dagoen hirukotea.

Ancelottiren eta Martinoren sistemen arteko lehia irudikatuko dute jokalariek. Nortasun handiko bi entrenatzaile; taldeen norabidea aldatzeko gai izan dira, kritika guztiei aurre eginda. 'Klasikoa'k bietako bat errege izendatuko du.

Ronaldo vs. Messi

Munduko txapelketaren atarian, Cristiano Ronaldo eta Leo Messi sasoiko daudela agertu nahi dute.

Portugaldarra momentu onean iritsiko da 'Klasiko'ra, Ligako liderraren ikurra bihurtuta. Urrezko Baloia irabazi du Ronaldok, bi gol egin berri dizkio Schalkeri Txapeldunen Ligan eta golegile nagusia da BBVA Ligan eta Europan.

Leo Messi, aldiz, indarberrituta agertuko da Bernabeun Liga hasieran izandako lesioa eta ondorengo zalantza guztiak gaindituta.

Argentinarrak eskura dauka Hugo Sanchezek Ligako golegile nagusi bezala lortutako marka gainditzea. Bi gol bakarrik behar ditu mexikarraren errekorra berdintzeko.

Messik 15 gol egin ditu Ligan, Cristianok baino 10 gutxiago.