Itxi

Futbola

Errege Kopa

Real Madrilek eta Bartzelonak elkarren kontrako 7. finala dute gaur

Elena Etxebarrieta

Talde bakoitzak hiru irabazi ditu. Gaur dute, beraz, berdinketa hausteko aukera. Europako eta Ligako azken emaitzak ez dira onak izan, eta bi taldeek garaipen premiarekin ekingo diote neurketari.

1:29

Makineria martxan da. Orduak baino ez dira falta Barça eta Madrilen arteko borrokarako. Norgehiagoka beroa eta orekatua izango da, bi taldeek garaipen beharra dute eta. Bartzelonak hutsuneak ditu atzealdean eta ariman, Txapeldunen Ligako eta etxeko txapelketako azken porroten ondoren.

Madrilek ere ez ditu zalantza guztiak uxatu. Eta bien artean indartsu sartu da Atletico. Iaz lortutako koroa utziko die Simeoneren taldeak.

Mestallan, leku berean, lehiatu ziren Barça eta Madril 2011an. Orduan Casillas madrildarren talismanak altxatu zuen garaikurra, Cristianok sartutako golari esker. Oraingoan portugaldarrak ez du jokatuko. Duelurik ez, beraz, Messirekin. Arkakusoa beti harrotzen da klasikoetan. 21 gol egin dizkie zuriei 23 partidatan. Madrilen aldetik, Benzema eta Bale izango dira erreferentziak erasoan.

Ligako euren arteko azken neurketaren oroitzapenak gaurkoa berotu du. Ancelottirenek galdu zuten, eta gaur akatsak zuzentzeko aukera dute.

Kopako erregeak bere nahigabea sendatuko lukeen poztasuna nahi du, eta Madrilek eskuratu ezin duen arrakasta-zikloa hasi nahi du behingoz.