Futbola
Adelante Liga
Recreativok oztopo egin dio Eibarri Ipuruan (0-0)
Erredakzioa
Armaginek aukera paregabea izan dute igoerako borrokan aurrera pauso handia emateko, baina etxean makal jarraitzen dute. Lau partida daramatzate dagoeneko, Ipuruan garaipenik lortu gabe.
Eibarrek hutsean berdindu du Ipuruan Huelvako Recreativoren aurka jokatutako partida. Neurketa oso orekatua izan da; urduritasuna izan da nagusi bi taldeetan, izan ere, Lehen Mailara igotzeko borrokan ari dira eta presioa nabaritu egin dute.
Gipuzkoarrak sailkapeneko bigarren tokian dira eta 59 puntu dituzte. Aukera paregabea izan dute Huelvako taldearekiko aldea handitzeko, baina alferrik galdu dute. Recreativok 52 puntu ditu, eta igoera postuetan sartzeko borrokan murgilduta dago.
Eibartarrek lau partida daramatzate dagoeneko, Ipuruan garaipenik lortu gabe.
Arriskua area batetik bestera joan da partida osoan zehar, baina jokalariek ez dute baloia atean sartzen asmatu.
Eibarren nagusitasuna argiagoa izan da bigarren zatian. Hala ere, ez dute golik sartzea lortu.