Futbola
Azken minutuan
Realak bi puntu galdu zituen Anoetan Granadaren aurka
Loiola Altuna
Ighalok, jokoz kanpo, Carlos Velak sartutako gola berdindu zuen neurketako luzapenean
Iaz gertatu bezala, Granadak neurketako azken segundoetan berdindu zuen partidua Anoetan. Realeko inor ez zen andaluziarren azken ahalegina mozteko gai izan eta Ighalok Bravoren atea zulatu zuen.
Azken minutukoaren aurretik txuri-urdinen pekatu nagusia Granadakoen ate aurrean larregi barkatzea izan zen. Lehen zatian, Reala nagusi izan zen futbol zelaian eta gol aukera ugari sortu zituen, baina Seferovic ez zen fin ibili Karnezis atezainaren aurrean eta Canalesek zutoina eta langa etsai izan zituen.
Bigarren zatiko lehen minutuetan hasi zen neurketa erotzen. Reciok bigarren txartel horia ikusi zuen protesta egiteagatik. Baina handik minutu gutxira Mikel Gonzalezek sarrera gogorra egin zion Iturrari eta Teixeira Vitines epaileak, zuzenean, txartel gorria atera zion.
Hamar hamarren aurka partiduak ez zuen jabe argirik izan. Pitik baloia zutoinera jaurti zuen 72. minutuan baina 5 geroago Chory Castrok eta De la Bellak ezker aldetik egindako jokaldiari amaiera ezin hobea eman zion Carlos Velak. Luzapenean sartuta Canalesek 2 eta 0ekoa egiteko aukera izan zuen. Asmatu zuen ordea, Granada izan zen. Ighalo jokoz kanpo zegoen errematatu zuenean baina marrazainak ez zuen horrelakorik adierazi eta Realak bi puntu galdu zituen neurketako azken segundoan.