Futbola
Ustezko amarrua futbolean
Gabi: 'Agapito Iglesiasek eskatutakoa egin nuen'
Erredakzioa
'El Mundo' egunkariaren arabera, Zaragozak 85.000 euroko transferentzia egin ziola onartu du Atletico Madrileko egungo kapitainak.
-
Agapito Iglesias Zaragozako presidente ohia ere deklaratzen izan da. Efe.
Gabriel Fernandez 'Gabi' Atletico Madrileko egungo kapitain eta Zaragozako jokalari ohiak klubak (Zaragoza) eskatutakoa egin zuela deklaratu du ostegun honetan 2010-2011 denboraldiko Levante-Zaragoza partidako ustezko amarrua ikertzen ari den epailearen aurrean.
Partida maiatzaren 21ean jokatu zen, Ciutat de Valencia zelaian. Javier Aguirreren taldea jaisteko arriskuan zegoen, eta 1-2 gailendu zen azkenean, Gabik sartutako bi golei esker.
"Agapito Iglesiasek eskatutakoa egin nuen", esan du Gabik, 'El Mundo' egunkariaren arabera. Jokalariak 85.000 euro kobratu izana ere onartu omen du.
Gabirekin batera, Agapito Iglesiasek ere deklaratu du Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza Bereziaren aurrean. “Lasai nago, egoerak gogaitu egiten nau, baina aurre egin behar zaio”, esan du deklaratu ostean.