Itxi

Futbola

Elkarrizketa, eitb.com-en

Javier Clemente: 'Lau urte barru erretiroa hartzea pentsatu dut'

Bea Sever

Kamerungo hautatzaile berria elkarrizketatu dugu. Athleticeko presidente izateko hautagai aurkeztea pentsatu izan duela aitortu digu, baita lau urte barru erretiroa hartzeko asmoa duela ere.

Aspaldi honetan Barakaldotik ikusten zaitugu berriro. Etxera itzuli al zara?
Ez, etxera itzuli ez, inoiz ez naiz joan eta. Baina, tira, Barakaldora noa nire ama ikusteko eta batzuetan zenbait lagunekin egoteko. Gertatzen dena zera da, orain gehiago nagoela hemendik, baina hemendik aurrera huts egiten hasiko naiz, Kamerunera joan behar dut eta. Baina hemen nagoenean beti saiatzen naiz familia ikusten, ez?

Hasi zara Kamerunen entrenatzen?
Bai, hasi naiz, bai.

Zer moduz? Beldurra? Ilusioa? Oso ezberdina da?
Kar-kar-kar, beno, ezberdina da eta nik lan egiten dudanean ilusioa daukat beti. Baditut gauzak egiteko beti eta jendeak hobetzeko gauzak, eta norbaitek besteen hobekuntzan lan egiten duenean, ba, saiatzen da. Orduan, horregatik ilusioa daukat, besteak hobetzen ikusteko, ez? Hori da nire patua. Athleticen nengoenean Athleticeko mutilak hobetzen ikusi nahi nituen eta orain, beste leku batean nago, ba entrenatzen ditudan mutilak hobetzen ikusi nahi ditut.

Zergatik maite zaituzte hainbeste Bilbon?
Beti busti naizelako Bilbogatik eta gauzak argi eta garbi esan dizkiet beti, inoiz ez ditut engainatu.

Hala ere, Zarautzen bizi zara duela urte batzuk, zergatik Zarautzen?
Bai, beno, Zarautz eta Bilbo artean bizi naiz. Baina, tira, Zarautzen egiten dut lo gehien bat. Zazpi egunetatik, bost Zarautzen eta bi Bilbon. Baina beno, lasaiago nagoelako.

Lesio huragatik izango ez bazen, jokalari moduan urrun iritsiko zinela esaten dutenak badira, zer uste duzu zuk?
Ez dakit, ez dakit. Jokatzen nuenean dena eman nuen Athleticen alde, hanka eman nuen Athleticen alde eta bukatu zitzaidanean, entrenatzailea egin nintzen Athleticengatik eta dena eman nion Athletici. Eta orain, Athleticen alde zerbait egiteko aukera dudan bakoitzean, egiten dut. Gertatzen dena da, Athleticek ez duela beti besteengatik ahal duena egiten.

Beti esaten duzu Athletic bihotzean daramazula, Athleticeko hauteskundeetara aurkeztea pentsatu duzu inoiz?
Pentsatu dut, bai, baina oraingoz uste dut ez zaidala unea iritsi. Orain arte ez dut egin. Baina uste dut ere, nik daukadan presidentearen kontzeptua ez daukala zerikusirik orain dauden presidenteekin. Beraz, neure burua Athleticerako aurkeztuko banu, Athleticek daukan egitura guztiz aldatzeko izango zen. Orduan, ez dakit horretarako prest egongo banintz, ezta jendeari gustatuko bazitzaion nik imajinatzen dudan moduko Athletic bat ikustea, ez?

Adibidez, presidentea izango bazina, diasporako jokalariak fitxatuko zenituzke?
Ez, ez, ez. Kanpokoak diozu? Atzerritarrak?

Bai, beno, ba argentinarrak aitona-amona euskaldunekin...
Bai, bai, nik horiek bai. Bai, horiek fitxatuko nituzke.

Athleticen egon zinen azken denboraldian, Julen Guerrero berreskuratzearen aldekoa izan zinen?
Beno, ni Athleticen egon nintzenean ez zitzaidan bururatu Julen Guerrerori baja ematea. Jokalari erabilgarria izan zen taldearentzat. Hori izan zen ni egon nintzen azken urtean. Gero, hurrengo urtean, kanporatu zuten. Ba nik horretaz ez dakit ezer. Nirekin Julenek beti konplitu du, ez?

Zergatik dago Nafarroako hainbeste jokalari Athleticen? Izan daiteke nekazaritza giroko herri ugari izanik, bertan gehiago jokatzen dutela futbolean?
Ez. Nafarroan ondo egiten dutelako. Nafarroa ondo ari da lanean, eta Nafarroa ondo ari denez, ba gure merkatua Euskadi da, ondorioz, Nafarroan lanean ondo ari direnak dira. Egin behar duguna bizkaitarrak edukitzea da, baina Athleticen kanpoko jende gehiago dago bizkaitarrak baino, nahiz eta Athleticen oinarrizko nortasuna Bizkaia izan beti, ez? Baina hori joaten ari zaigu.

Zer sentitu zenuen Espainiako selekzioak irabazi zuenean?
Ni asko poztu nintzen. Ni futbol nazionalean ari naiz, Espainiako futbolean eta euskal futbolean, noski. Eta Athleticeko jokalariak futbol nazionalekoak dira eta euskal futbolekoak, eta Espainia txapelduna izatea, nik uste dut, denentzako ona dela. Baina ona, on-ona, on-ona. Ona da Athleticentzat, ona da futbol munduan sartuta gauden denentzat. Beraz, nik uste dut gauza zoragarria izan dela.

Pentsatu duzu noiz hartuko duzun erretiroa?
Pentsatu dut, baina ez dakit egingo dudan. Lau urte barru erretiroa hartzea pentsatu dut.

Eta zer egingo zenuke ondoren?
Ba gero paseatu eta aireztatu. Eta ilobak zelan hazten diren ikusi eta kazetariren batekin futbolari buruz hitz egin, ikusten ari naizenari buruz, ba antzinako garaiak gogoratuz, orduan profesionala ez banaiz... Baina, oraingoz profesional moduan lau urte geratzen zaizkit, beraz, orain profesional moduan hitz egiten dut, ez dut jarraitzaile huts moduan hitz egiten.

Eta ondoren, aitona moduan ibiliko zara, ilobak paseatzen eta horrelakoak?
Ez, aitona moduan... aitona ona izatea zaila da, zaila da. Baina beno, ni aitona naiz eta, beraz, saiatuko naiz ahalik eta hoberena izaten nire ilobentzako.