Futbola
Real Madril
Pedro Leon: 'Mourinhoren hitzek ez ninduten mindu'
Erredakzioa
Real Madrileko erdilariak dio entrenatzaile portugaldarrarekin erlazio ona duela. Auxerren aurka deialdian ez sartzea ez zuen zigortzat hartu Getafeko jokalari ohiak.
Pedro Leon Real Madrileko erdilariak prentsaurrekoa eman du gaur Madrilen eta Mourinhok berataz esan zituen hitzek ez ziotela minik egin gaineratu du. Entrenatzaile portugaldarrak deialditik at uzti zuen Pedro Leon Auxerren aurka eta Ligako azken partidetan. Pedro Leon ez zela Maradona ez Zidane esan zuen Mourinhok.
"Mourinho da agintzen duena eta Auxerren eta Deportivoren aurka ez nuela jokatuko erabaki zuen. Argi dago nahiago nuela jokatzea, baina entrenatzaileak hartu behar du erabakia. Erlazio ona dut Mourinhorekin. Ez ninduten bere hitzek mindu", esan zuen erdilariak.
Pedro Leonek ez du zigortzat hartzen bi partida horietan deialditik at geratu izana: "Nik ez dut erabaki horretan inolako zigorrik ikusten. Taldea ondo dago, irabazten ari da eta postua irabazteko lehia gogorra da".
Levanteren aurka gauzak ondo egin ez zituelako deialditik at geratu zela uste du murtziarrak: "Levanteren aurkako partidan gauza bat egiteko esan zidan eta nik ez nuen berak eskatu bezala egin. Nahi gabe ez nuen berak esandako gauza taktiko bat egin. Entrenatzaileak ez nau baztertu eta konfidantza du nigan, asko laguntzen ari zait eta ez dago arazorik".