Itxi

Futbola

Zale bati ostikoa jo zion

UEFAk Evra zigortu du, eta jokalariak ez du jarraituko Olympique Marseillan

Agentziak | Erredakzioa

Taldeak eta jokalariak kontratua etetea adostu dute, UEFAk jokalariari 2018ko ekainaren 30era arte kluben arteko Europako inongo lehiaketatan aritzeko debekua ezarri ostean.

  • Evrak ostikoa jo zion Marseillako zale bati.

    Evrak ostikoa jo zion Marseillako zale bati.

Olympique Marseillak ostiral honetan jakitera eman duenez, klubak eta eta Patrice Evra jokalariak elkarren artean zuten kontratua "berehala etetea" adostu dute. Erabaki horren zioa da UEFAk gaur bertan ezarri dion zigorra, hau da, denboraldi amaierara arte (2018ko ekainaren 30era arte) kluben arteko Europako inongo lehiaketa jokatzeko debekua, Europa Ligako partida baten aurretik zale bati buruan ostiko bat jotzeagatik.

Klubak adierazi duenaren arabera, jokalariak "konponezina" den akatsa egin zuen Guimaraesen (Portugal), "hainbat norbanakok egindako probokazioek justifikatu ezin dutena".

UEFAren zigorra

UEFAren Kontrol eta Diziplina Batzordeak ostiral honetan jakinarazi dio hegaleko frantziarrari geratzen den denboraldi osoan ezin izango duela kluben arteko Europako inongo lehiaketatan jardun. Horrez gain, 10.000 euroko isuna jarri dio.

Joan zen azaroan 2an, Portugalen Vitoriak eta Olympique Marseillak jokatu behar zuten elkarren aurka, Europa Ligako laugarren jardunaldian. Partida hasi aurretik talde frantziarraren zale batzuk Evraren aurka esaka hasi ziren, eta jokalariak zale horietako bati ostikoa eman zion buruan.