Futbola
Azaroaren 25ean, Ipuruan
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Euskal Selekzioaren partidaren inguruan
Erredakzioa
Txekiaren aurka jokatuko du azaroaren 25ean, eta norgehiagokaren aurretik zein ondoren ekimen ugari izango dira, ahalik eta giro ederrena sor dadin.
-
Euskal selekzioa
Datorren azaroaren 25ean Ipurua futbol-zelaiak emakumezkoen Euskal Selekzioaren eta Txekiaren arteko nazioarteko lagunarteko partida hartuko du.
Aste honen hasieran bertan, norgehiagoka horretarako sarrerak jarri zituzten salgai, eta, gaur, berriz, partida horren inguruan antolatu dituzten hainbat ekitaldi eman dituzte jakitera, beraren inguruan (zelai barruan, zein kanpoan) ahalik eta girorik ederrena sor dadin.
Hartara, datorren ostiralerako, partidaren bezperarako, Euskal Selekzioari buruzko mahai-inguru bat antolatu da Eibarreko Armagintza Eskolan. 19:00etan izango da mintzaldia eta han izango dira, Joseba Urkiola kazetariarekin batera, Jose Angel Iribar atezain historikoa, 1937ko selekzioan aritutako futbolarien senitartekoak, gizonezkoen Euskal Selekzioko futbolari bat eta Iraia Iturregi zein Aintzane Encinas jokalari ohi eta Juaristi hautatzailearen laguntzaileak.
Partidaren egunean Untzaga plaza izango da jaiaren erdigunea. 11:00etan, zaleen gunea zabalduko da, puzgarriekin eta gaztetxoentzako hainbat jolasekin. Eguerdian Euskal Selekzioaren neskak izango dira protagonistak, eta banan bana izango dira aurkeztuak zaleentzako jarritako gunean. 16:00etan, halaber, kalejira bat egingo da Ipuruako futbol zelaira.
Partida 17:00etan hastearekin batera, begirada guztiak berdegunean jarriko dira eta han izango da ikuskizuna. Amaitutakoan, baina, giroa Untzaga plazara itzuliko da, bertan arituko baita Nerea Rodriguez musika-jartzailea.
20:00etan, partidaren inguruko ekitaldiek bat egingo dute genero indarkeriaren kontrako egunarekin eta, azkenik, jardunaldi luze horri amaiera emateko, disko-festa egingo da Untzagan bertan.