Futbola
Bundesliga 2017-2018
Bayern Munich, Bundesligako Txapeldun
Erredakzioa
Bayernek 1-4 irabazi dio Ausburgi eta txapeldun izendatu da Bundesliga amaitzeko 5 jardunaldiren faltan. Seigarrenez jarraian irabazi du ligako titulua.
-
Bayerneko jokalariak, Bundesligako titulua ospatzen. Argazkia: EFE
Bayern Munich da 2017-2018. denboraldiko Bundesligako txapelduna. Larunbat honetan, 1-4 irabazi dio Ausburgi, Corentin Tolisso, James Rodriguez, Arjen Robben eta Sandro Wagner jokalariek sartutako golekin. Bigarren den Schalke 04 taldeak, jada ezin du Bayern harrapatu sailkapenean Bundesliga amaitzeko 5 jardunaldiren faltan.
Seigarrenez jarraian irabazi du Bundesliga Bayernek. Ausburgen aurkako partida galtzen hasi da, baina emaitza irauli du arazo gehiegirik gabe.
Denboraldi hasiera txarra egin zuen Bayernek. Carlo Ancelotti zen entrenatzailea hasieran, baina kargugabetu egin zuten, eta Heynckesek hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Heynckesek taldea hartu zuenean, Bundesligako liderrarengandik 5 puntura zegoen Bayern eta Txapeldunen Ligan 3-0 galdu zuen PSGren aurka Ancelottiren esanetara. Ancelotti kargutik kentzea eta erretiroa hartuta zegoen Jupp Heynckes fitxatzea erabaki zuen Bayerneko zuzendaritzak.
Ausburgen aurkako partida amaitu ostean, Heynckes hunkitu egin da, eta malko batzuk ere atera zaizkio. Hala ere, ospakizunak ez dira asko luzatuko, Bayernek Alemaniako Kopa eta Txapeldunen Liga irabazteko aukerak baititu oraindik.