Futbola
Astelehenean, 21:00etan
Puyol (Barça-Real Madril): "Ikuskizun polita izango dela uste dut"
Erredakzioa
Faboritoak? Indarrak "%50ean daude" Bartzelonako kapitainaren esanetan baina "agian etxeko taldeak du abantail txikia".
"Gure estiloari eutsiko diogu", esan du Carles Puyol FC Bartzelonako kapitainak astelehenean Real Madrilen aurka jokatuko duten partidari buruz. "Lehen minututik irabaztera" zelairatuko direla adierazi du eta gol-zaparrada bat ezeztatu du "maila honetan lortzea oso zaila" delako.
Puyol oso zuhur agertu da prentsaurrekoan eta adeitasunezko hitzak izan ditu aurkariarentzako: "Atzean oso talde indartsua da, erasoa erraz sortzen duena eta aurrean maila handiko jokalariak ditu. Iaz, Ibrak gola sartu zuen arte, asko sufritu genuen eta astelehenean neurketa borobila egin beharko dugu hiru puntuak batzeko", gaineratu du.
Puyolek ez du Mourinho eta Cristiano Ronaldori buruz hitz egin nahi izan eta partida ez dutela bakarrik eurek jokatzen gogoratu du: "Barça-Madril partida da, sasoi onean heltzen diren bi talderen arteko lehia, konfiantzarekin, lesionatu gutxirekin eta jokalari handiekin. Ikuskizun polita izango dela uste dut", esan du. Faboritoak? Indarrak "%50ean daude" haren esanetan baina "agian etxeko taldeak du abantail txikia".