Itxi

Futbola

2-2

Bartzelonak eta Real Madrilek berdindu egin dute Camp Noun

eitb.eus

Binakoarekin amaitu da: Suarezek eta Messik sartu dituzte Barçaren golak eta Cristiano Ronaldok eta Balek, Real Madrilenak.

  • Pique eta Cristiano Ronaldo. Argazkia: EFE

    Pique eta Cristiano Ronaldo, Bartzelona-Real Madril (2-2) partidan. Argazkia: EFE

Bartzelonak eta Real Madrilek bina berdindu dute Camp Noun jokatu den Ligako klasikoan. Ezer gutxi egon da jokoan; Bartzelonak Liga irabazita du, eta Real Madrilek Txapeldunen Ligako finalean du burua.

Barçak bizi ekin dio partidari eta lehen minutuetan nagusi izan da. Horren ondorioz, Luis Suarezek 1-0ekoa sartu du 3. minutuan, Sergi Robertoren erdiraketa sare barrura errematatuta. Pare bat abagune gehiago izan ditu Bartzelonak lehen ordu laurdenean, baina Real Madrilek izan duen lehen abagunean Cristiano Ronaldok  banakoa (1-1) sartu du jokaldi bikain baten ostean; Cristianok orpoz eman dio pasea Kroosi, honek erdiratu, Benzemak buruz pasea eman, eta Cristiano Ronaldok sare barrura bultzatu du baloia. Banakoaren ostean, Real Madril izan da nagusi eta bigarren gola sartzeko abagune ugari izan ditu; argiena Cristiano Ronaldok izan du, baina Ter Stegen atezainak eragotzi egin du portugaldarraren gola. Ondoren, Balek sarrera gogorra egin dio Umtitiri. Epaileak ez dio txartelik atera, baina gorria ateratzeko moduko sarrera egin dio galestarrak. Ondoren, lehen zatiko azken minutuan, epaileak txartel gorria atera dio Sergi Robertori, Marcelori ukabilkada bat emateagatik.

Cristiano Ronaldo gabe ekin dio Real Madrilek bigarren zatiari, aurrelariak min hartu baitu lehen zatian, eta Zidanek zuzentzen duen taldea galduta atera da, erreferentziarik gabe. Bartzelonan Coutinho aulkian utzi du Valverdek eta Semedo atera du. Real Madrilek hasiera txarra eman dio bigarren zatiari eta Bartzelonak 2-1ekoa egin du, Messiren bitartez. Argentinarrak izkin egin du area barruan eta gol ona sartu du. Bartzelonak ez da bere nagusitasunaz baliatu, pixkanaka baloiaren jabe egin da Real Madril eta Gareth Balek binakoa (2-2) sartu du jaurtiketa bikain batekin, Asensioren pasea jaso ostean. Azken minutuetan, neurketa joan-etorrikoa izan da. Bartzelonak abagune bikaina izan du Messiren jokaldi baten bitartez, baina Keylor Navas atezainak gola eragotzi du. Jokaldi polemikoa ere egon da; Jordi Albak penalti argia egin dio Marcelori, baina epaileak ez du ezer adierazi. Negargarri aritu da bi taldeentzat Hernandez Hernandez epailea. Amaieran, berdinketa (2-2) Camp Noun.

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Alba; Busquets, Rakitic, Iniesta (Paulinho, 58. min); Coutinho (Semedo, 46. min), Messi eta Suarez (Paco Alcacer, 92. min)

2 - Real Madril: Keylor Navas; Nacho (Lucas Vazquez, 68. min), Varane, Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos (Kovacic, 84. min), Modric; Bale, Benzema eta Cristiano Ronaldo (Asensio, 46. min).

Golak: 1-0, 10. min: Luis Suarez. 1-1, 15. min: Cristiano Ronaldo. 2-1, 52. min: Messi. 2-2, 72. min: Bale.

Epailea: Alejandro Hernandez Hernandez. Txartel horiak atera dizkie jokalari hauei: Nacho (12. min), Varane (31. min), Luis Suarez (42. min), Ramos (42. min), Messi (45. min), Bale (77. min) eta Marcelo (77. min). Txartel gorria atera dio Sergi Robertori (47. min).