Itxi

Futbola

FIFA-REN ZIGORRA

Kepa eta Azpilicuetaren Chelseak ezin izango du fitxaketarik egin 2020ko uda arte

Agentziak | Erredakzioa

FIFAren arabera, talde ingelesak arautegia urratu du adingabeko 29 jokalariren fitxaketetan. Halaber, jokalarien izen-ematea egiteko orduan ere arauak urratu zituztela dio FIFAk.

  • Chelseako jokalariak, gol bat ospatzen

    Chelseako jokalariak, gol bat ospatzen. Argazkia: Efe.

FIFAko Diziplina Batzordeak Chelsea eta Ingalaterrako Futbol Elkartea (FA) zigortu ditu, 29 jokalari adingabe fitxatu eta izena emanda araudia urratu zuela iritzita. Ondorioz, Kepa bizkaitarraren eta Azpilicueta nafarraren taldeak ezin izango du jokalaririk fitxatu 2020. urteko uda arte.

Londresko klubak aditzera eman duenez, zigorra klub osoari eragingo dio, emakumezkoen taldeari eta areto futbolekoari izan ezik, eta zigor horrek ez du jokalariak saltzea eragotziko.

Chelseak araudiaren 18. eta 19. artikuluak urratu zituen adingabeko 29 jokalari fitxatu zituenean, eta, horrez gain, izen-ematea egiteko beharrezkoak diren baldintzekin lotutako irregulartasunak antzeman dituzte.

Klubak 528.735 euroko isuna ordaindu beharko du, eta FIFAk 90 eguneko epea eman dio adingabeen egoera legeztatzeko. Zigorra Eden Hazard taldeko izarraren inguruan zurrumurru ugari daudenean iritsi da. Aurrelari belgikarraren kontratua 2020an amaitzen da, eta Real Madrilek fitxatuko duela zabaldu da.