Itxi

Futbola

2019-2020 denboraldia

Liga abuztuaren 18an hasiko da, eta Kopak formatua aldatuko du

Erredakzioa

2020ko maiatzaren 24an bukatuko da. Errege Kopak partida bakarreko kanporaketak izango ditu, finalerdietakoek joaneko eta itzuliko neurketak izango dituztelarik.

  • Bartzelona - Real Madril. Argazkia: EFE

    Denboraldi honetako Bartzelona - Real Madril partidako irudia. Argazkia: EFE

2019-2020 Santander Liga 2019ko abuztuaren 18an hasiko da, eta 2020ko maiatzaren 24an izango du amaiera. Hala jakinarazi du Espainiako Futbol Federazioko Batzordeak.

Aldeko 94 boto, aurkako 2 boto, eta abstentzio batekin, onartu dute egutegi proposamena. Selekzioen partidengatik egingo den lehen geldialdia 3. eta 4. jardunaldietan izango da, irailean. Ondoren, 8. eta 9. jardunaldietan, urrian. Azaroan ere gelditu egingo da Liga, 13. eta 14. jardunaldietan.

Ligako egutegia onartzeaz gain, Batzordeak onespena eman dio Errege Kopren formatu aldaketari. Partida bakarrekoak izango dira kanporaketa guztiak, finalerdietakoak izan ezik. Finalerdiek, joaneko eta itzuliko neurketak izango dituzte. Lehen kanporaketa abenduaren 18an jokatuko da, lurraldez-lurralde jokatuko den atariko kanporaketa baten ostean. Bigarrena, urtarrilaren 12an jokatuko da. Final-hamaseirenak urtarrilaren 22an egingo dira, eta, final-zortzirenak, urtarrilaren 29an. Final-laurdenak otsailaren 5ean jokatuko dira. Finalerdietako kanporaketak partida bikoitzera jokatuko dira; joanekoa otsailaren 12an, eta, itzulikoa, martxoaren 4an. Finala, apirilaren 18an (larunbatean) izango da.

Errege Kopan 116 taldek parte hartuko dute: Lehen eta Bigarren Mailetako 42 taldeek, Bigarren B Mailako 28 taldeek, Hirugarren Mailako 32 taldeek -multzo bakoitzeko 18 txapeldunak, eta bigarren sailkatuen artetik koefiziente onena duten 14ak-, Federazio Kopako finalerdiak jokatuko dituzten 4 taldeek, eta lurraldekako atariko kanporaketa irabazten duten 10 taldeek.

Superkopak ere formatu aldaketa izango du, eta urtarrilean jokatuko da (8tik 12ra artean). Superkopa jokatuko duten lau taldeek, ez dituzte Errege Kopako lehen bi kanporaketak jokatuko.