Futbola
ERABAKIA
Emakumezkoen futbolerako lehiaketa-eredu berri onartu du Federazioak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi maila izango ditu: lehendabizikoan, 8 eta 16 talde bitartean arituko dira; bigarrenean, berriz, 8 eta 32 talde bitartean.
-
Espainiako Futbol Federazioaren Aparteko Batzarra. Argazkia: EFE
Espainiako Futbol Federazioaren Aparteko Batzar Nagusiak erabateko gehiengoz onartu du astelehen honetan emakumezkoen futbolerako lehiaketa-eredu berria. Jose Luis Rubiales Federazioko Presidenteak aurkeztutako proposamenak 94 aldeko boto jaso ditu, kontrako bat eta bi abstentzio.
Eredu berriak atxikitze askeko bi maila izango ditu: lehendabizikoak Europako lehiaketetara sailkatzeko postuak izango ditu jokoan, eta bertan 8 eta 16 talde bitartean arituko dira hiru txapelketatan: Liga, Kopa eta Superkopa. Bigarrenean, berriz, 8 eta 32 talde bitartean lehiatuko dira, hurbiltasun geografikoaren araberako bi multzotan banatuta.
"Bigarren fase batean, bi multzotan jokatuko dute ligaxka eran: bata igoera faserako borrokan; bestea jaitsierako faserako norgehiagokan". Hala eman du jakitera Federazioak ohar baten bidez.
Oraindik izenik ez duen Lehen Mailara sailkatzeko, "aurtengo denboraldian Emakumezkoen Lehen Mailan izandako kirol-emaitzak lehenetsiko dira, eta, bete gabeko plazarik geratuz gero, Bigarren Mailako sailkapena izango da kontuan".
Klubek Federazioko lizentzia bat eskuratu beharko dute, kontratua sinatu, gutxieneko jokalari-kopurua eduki (18tik 22ra bitartean) eta gutxieneko administrazio- eta kirol-azpiegitura izan.
Rubialesek adierazi duenez, eredu berri hori ezartzearekin batera "zubiak eraiki" dira Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkartearekin. Aipatu elkarteak "erabateko gaitzespena" azaldu zuen bere egunean hasiera batean aurkeztutako proiektuarekin, haren aburuz "presaz eta inolako adostasunik gabe" egindakoa baitzen.
Rubialesen esanetan, Elkarteak "bere ekarpenak" egingo dizkio lau urteko epean guztiz ezarrita egon beharko den ereduari.
Andreu Camps Federazioko idazkari nagusiak gaineratu duenez, Kluben Elkartea eta Federazioa "ados daude % 95ean".