Itxi

Futbola

EUROPA LIGA

Hazarden Chelseak eskuratu du Europa Liga, Arsenal azpiratuta (4-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jokalari belgikarrak bi gol sartu eta hankapean erabili ditu Emeryren taldeko defentsak.

  • Chelseako jokalariak garaikurrarekin

    Chelseako jokalariak garaikurrarekin. Argazkia: EFE

Chelsea taldeak, Eden Hazard belgikarraren gidaritzapean, Europa Liga bereganatu du asteazken honetan Arsenal 4-1 menderatuta, bigarren zatian erabat nagusi izan ostean.

Giroud frantziarrak (Arsenal taldeko jokalaria izandakoa) sartu du lehen gola, 49. minutuan, burukada ikusgarri batekin. Gero, 60. minutuan, Pedro espainiarrak ez dio hutsik egin finaletan golarekin izan ohi duen hitzorduari, eta Chelsearen abantaila areagotu du, Hazarden pase bat baliatuta.

Handik bost minutura, erdilari belgikarrak penaltiz sartu du bere taldearen hirugarrena, Arsenaleko defentsa batek Giroudi area barruan bultzakada garbia eman eta gero.

Arsenalek markagailua estutzeko ahaleginak egin ditu, eta, helburu hori erdiesteko ahaleginetan, Iwobik izugarrizko gola lortu du areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez (69. min).

Haatik, Hazardek berehala zapuztu ditu Unai Emery gipuzkoarrak entrenatzen duen taldearen itxaropenak, kontraeraso azkar batean (72. min).

Arsenal hobeto aritu da lehen zatiko hasierako 20 minutuetan, baina ez ditu aprobetxatu izan dituen aukerak, eta bigarren zatian behera egin du erabat; ondorioz, datorren denboraldian ez da Txapeldunen Ligan arituko.

Horrenbestez, Cesar Azpilicueta nafarrak bere bigarren Europa Liga eskuratu du; Kepa Arrizabalaga bizkaitarrak, berriz, lehen aldiz irabazi du.

Fitxa teknikoa:

4 - Chelsea: Kepa, Azpilicueta, Christiansen, David Luiz, Emerson, Jorginho, Kanté, Kovacic (Barkley, 76. min), Pedro (William, 71. min), Giroud eta Hazard (Higuaín, 89. min).

1 - Arsenal: Cech; Sokratis, Koscielny, Monreal (Guendozi, 66. min); Maitland-Niles, Torreira (Iwobi, 66. min), Xhaka, Kolasinac; Özil (Willock, 77. min), Aubameyang eta Lacazette.

Golak: 1-0, 50. min: Giroud. 2-0, 60. min: Pedro. 3-0, 65. min: Hazard, de penalti. 3-1, 69. min: Iwobi. 4-1, 72. min: Hazard.

Epailea: Gianluca Rocchi (ITA). Txartel horiak: Christiansen eta Pedro (Chelsea).