Futbola
Erabakirik gabe
Epaileak hurrengo egunetan jakinaraziko du futboleko ordutegiei buruzko erabakia
Erredakzioa
Espainiako Futbol Federazioak eta LaLigak futbol partiden ordutegiagatik duten epaiketa egin da asteazken honetan. Epaileak, bost eguneko epean jakinaraziko du erabakia.
-
Andres Sanchez Magro, merkataritza-gaietarako epailea. Argazkia: EFE
Madrilgo merkataritza-gaietarako 2 zenbakidun epaitegiak erabakia hartuko du ondorengo bost egunetan Lehen eta Bigarren Mailako futbol partiden ordutegiengatik Espainiako Futbol Federazioak eta LaLigak duten auziaren gainean. Asteazken honetan egin da epaiketa, baina epaileak ez du erabakirik hartu.
LaLiga eta Federazioa ez ziren akordiora iritsi futbol partiden ordutegiei buruz. LaLigak ostiraletan eta astelehenetan partidak jokatzea nahi zuen, eta Federazioak larunbatetan eta igandeetan bakarrik jokatzea. Ondorioz, Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeko epailea den Carmen Perezek uztailaren 26an erabaki zuen, Lehen eta Bigarren Mailetako neurketak asteburuetan bakarrik jokatu ahal zirela. Hori dela eta, LaLigak helegitea jarri zuen Kirol Kontseilu Nagusian, eta behin behineko neurriak har zitezen eskatu zuen, lehen jardunaldietako norgehiagokak ostiraletan eta astelehenetan jokatu ahal izateko.
Epaiketa, 9:45ean hasi da, eta bi orduko epaiketaren ostean, merkataritza gaietarako epailea den Andres Sanchez Magrok adierazi du, gai honek analisi sakona behar duenez, erabakia ez duela asteazken honetan hartuko, eta gehienezko bost eguneko epean emango duela erabakiaren berri.
Hala ere, espero da behin behineko neurrien aplikazioaren autoa prest egotea ostiral honetarako, bestela, astelehenean egingo da publiko, liga hasiera abuztuaren 16rako iragarrita baitago, Athletic Club - Bartzelona partidarekin.