Futbola
Epailearen erabakia
Liga partidak ostiraletan jokatu ahal izago dira, baina ez astelehenetan
eitb.eus
Espainiako Federazioak asteburuetan bakarrik jokatzea eskatzen zuen, eta Ligak, berriz, ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan jokatzea, iaz bezala.
Madrileko Merkataritza-gaietarako 2 epaitegiko epaileak erabaki du Lehen eta Bigarren Mailako futbol partidak ostiraletan jokatu ahal izatea, baina ez astelehenetan. Ondorioz, Liga abuztuaren 16an, ostiralean, hasiko da, 21:00etan, Athletic-Bartzelona neurketarekin.
Erabakia asteazkeneko saioaren ostean hartu du, eta baliorik gabe utzi du Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketa epaileak hartutako erabakia. Haren arabera, lehen hiru jardunaldietako partiden ordutegiak eta datak aldatu behar ziren (zehaztuta dauden bakarrak dira) ostiraletan eta astelehenetan ez jokatzeko.
Erabaki honen ondorioz, Ligak sei partiden datak eta ordutegiak aldatu beharko ditu, Lehen Mailako hiru eta Bigarren Mailako beste hiru, abuztuaren 18rako, 25erako eta irailaren 1erako programatuta daudenak, hirurak astelehenetan.
Apelazio helegitearen aukera
Epailearen erabakiaren aurka apelazio helegitea aurkezteko aukera dago, Madrileko Probintzia-auzitegiaren 28. atalean, baina, epaitegietako iturriek asteazkenean adierazi zuten moduan, helegite horrek ez luke baliorik izango, erabakia ez litzatekeelako 2019-20 denboraldia hasi aurretik hartuko.