Itxi

Futbola

Zigorra

UEFAk bi urteko zigorra ezarri dio Manchester Cityri Europan jokatu gabe

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Era berean, 30 milioi euroko isuna ezarri dio, Finantzetako Joko Garbian "arau-hauste larriak egiteagatik".

  • Etihad Stadium-a, Manchester Cityren futbol-zelaia

    Etihad Stadium-a, Manchester Cityren futbol-zelaia. Argazkia: EFE

UEFAk jakitera eman duenez, Manchester City Europako lehiaketetatik kanpo utzi du bi denboraldiz (2020/21 eta 2021/22) UEFAren lizentzien erregulazioetan eta finantza mugetan "arau-hauste larriak" egiteagatik. Gainera, 30 milioi euroko isuna ezarri dio Europako erakundeak talde ingelesari.

Duela urtebetetik (2019ko martxoa), UEFA Pep Guardiolak entrenatzen duen taldea ikertzen ari zen, eta, proba guztiak aztertu ondoren, Cityk "UEFAren lizentzien erregulazioetan eta Finantzetako Joko Garbian arau-hauste larriak" egin dituela uste du. UEFAren aburuz, "2012 eta 2016 urteen artean, UEFAri helarazitako informazioetan jasotako babesle-etekina puztu egin zuen".

Zigorraren berri izan ostean, Ingalaterrako taldea "atsekabetuta" agertu da, baina "ez harrituta".

"UEFAk hasitako kasua da, UEFAk auzipetua eta UEFAk epaitua. Orain amaitu den prozesu diskriminatzaile honekin, kluba ahalik eta azkarren epaiketa inpartzial bat lortzen saiatuko da. Hartara, eginbideak hasiko ditu Kirol Arbitrajeko Auzitegian, ahalik eta azkarren ", gaineratu du klubak.