Futbola
Bundesliga
Dortmundek Paderborni irabazi eta titulua lortzeko esperantza txikiari eusten dio
Erredakzioa
Borussia Dortmundek 1-6ko emaitzarekin lortu du garaipena Paderbornen aurka Bundesligako 29. jardunaldian. Gladbachek 4-1 irabazi dio Union Berlini eta sailkapeneko 3. postuan da.
-
Borussia Dortmundeko jokalariak, Schmelzerrek Paderborni sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Borussia Dortmundek 1-6ko emaitzarekin lortu du garaipena Paderborn azken sailkatuaren aurka, Bundesligako 29. jardunaldian. Dortmund (60 puntu) bigarren da sailkapenean, eta Bayern liderrak (67 puntu) 7 puntuko abantaila ateratzen dio Alemaniako liga amaitzeko 5 jardunaldi bakarrik falta direnean.
Paderbornen eta Borussia Dortmunden arteko partidako gol guztiak bigarren zatian iritsi dira. Jadon Sanchok hat-tricka egin du, eta gol bana sartu dute Thorgan Hazard, Achraf Hakimi eta Marcel Schmeler jokalariek. Paderbornen gola Uwe Hünemeierrek sartu du. Porrot honen ostean, Paderbornek (19 puntu) ia ezinezko du mailari eustea, salbazioa 9 puntura baitu, eta 8 puntura jaitsierako promozio postua, jokoan 15 puntu geratzen direlarik.
Igande onetan jokatu den beste norgehiagokan, Borussia Mönchengladbachek garaipena lortu du Union Berlinen kontra (4-1). Gladbach sailkapeneko 3. postuan da 56 punturekin, eta 4 puntura du bigarren den Borussia Dortmund. Hala ere, Leipzigek astelehenean jokatu behar du, eta, garaipena lortuz gero 3. postua berreskuratuko du. Bestalde, Union Berlin 14. postuan da 31 punturekin, eta 2. Bundesligara jaisteko promozio postuan dagoen Fortuna Dusseldorfek baino 4 puntu gehiago ditu bakarrik.