Futbola
IGANDEAN, 12:00ETAN
Eibarrek Osasuna garaitu nahi du lehen aldiz LaLigan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gorritxoek zailtasunak izan dituzte euskal derbirako deialdia osatzeko, 16 jokalariz eta hiru atezainez osatuta baitago.
-
Chimy Avila eta Sergio Alvarez, iazko derbietako batean. Argazkia: Efe
Eibar eta Osasuna aurrez aurre izango dira igande honetan Ipuruan, eta armaginek helburu bikoitzarekin ekingo diote: etxean denboraldiko lehen garaipena lortzea, berdinketa baten eta bi porroten ostean, eta talde nafarra LaLigan lehen aldiz gainditzea, ez baitu halakorik lortu orain arte.
Aitzitik, aurrekariak ez dira onak Eibarrentzat, horren adierazle izanik joan zen denboraldiko neurketa (0-2 galdu zuten armaginek).
Jose Luis Mendilibarrek ezin izango du Jose Angel Valdes "Cote" erabili partida honetan, otsailera arte luzatuko baitu bere sendatze-prozesua, ezta Jose Recio ere, Elxen aurkako partidan min hartu baitzuen.
Gainera, azken orduko baja izango da Edu Exposito eskuin hankako giharretako mina dela eta. Horrez gain, Pape Diop ere ezin izango da zelairatu, zigortuta baitago Valladoliden aurkako partidan txartel gorria ikusi eta gero. Aitzitik, Pedro Bigas eta Sergi Enrich jokatzeko gertu egongo dira.
Mendilibarren taldeak izan dezakeen beste pizgarri bat Sevillak Eibarri utzitako Alejandro Pozo eta Bryan Gil jokalari gazteak izango dira.
Bere aldetik, Osasuna 16 jokalariz eta 3 atezainez osatutako deialdiarekin bertaratuko da Ipuruara, eta, horrek, asko mugatuko ditu aldaketak egiteko Jagoba Arrasateren aukerak.
Nafarrek ezin izango dute Roberto Torres eta Lucas Torro bezalako jokalari garrantzitsuak zelairatu, ezta Ante Budimir fitxaketa berria ere. Kroaziarrak positibo eman zuen COVID-19an. Ondorioz, itxaron egin beharko du gainerako taldekideekin batera lanean hasi arte.
Bestalde, Arrasatek Aridane berreskuratuko du partida honetarako. Kanariarrak hilabete darama jokatu gabe irailaren 19an Getaferen aurka azkenekoz jokatu zuenetik.
Halaber, Arrasatek ez ditu deitu lehen taldearekin entrenatu ohi duten eta neurketetara joaten diren bigarren taldeko jokalariak. Izan ere, Promesas taldean izandako bost koronabirus kasuek Eibarrera bidaiatu ezin izatea eragin dute, badaezpada.
Balizko hamaikakoak:
Eibar: Dimitrovic; Correa, Oliveira, Bigas, Kevin Rodrigues; Pedro Leon, Arbilla, Inui, Sergio Alvarez, Kike Garcia eta Muto.
Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Juan Cruz; Ruben Garcia, Moncayola, Oier, Iñigo Perez; Adrián eta Gallego.
Epailea: David Medie Jimenez.
Futbol-zelaia: Ipurua.
Ordua: 12:00.