Itxi

Futbola

HERIOTZA

Diego Armando Maradona hil da 60 urte zituela

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Argentinako futbol izarra bere etxean zendu da bihotz-gelditze baten ondorioz. Azaroaren hasieran, hematoma subdural bat diagnostikatu eta ebakuntza egin behar zioten.

  • Diego Armando Maradona.

    Diego Armando Maradona. Argazkia: EFE

Diego Armando Maradona futbolari ohi argentinarra 60 urte zituela hil da, Tigreko (Argentina) bere etxean bihotz-biriketako geldialdia jasan ostean, Argentinako Clarin egunkariak aurreratu duenez.

Maradona, bere herrialdeko selekzioarekin 1986ko Munduko Txapelketa irabazi zuena, duela hiru aste ospitaleratu zuten, 2005ean egin zioten bypass gastrikoarekin zerikusia zuen arazo batengatik.

Hamar egunez egon zen Buenos Airesko klinika batean, anemia eta deshidratazioa zirela-eta, baina osasun-azterketak egin ostean, hematoma subdural bat atzeman zioten burmuinean eta hura sendatzeko ebakuntza egin behar izan zioten.

Gimnasia y Esgrima La Platako egungo entrenatzaileak duela bi aste jaso zuen senda-agiria, eta ordutik Tigre herriko etxe batean zegoen, oraindik ere ahul; hala, TyC hedabideak jakitera eman duenez, gaur goizean gaizki sentitzen hasi da, eta nahiz eta bere etxera lau anbulantzia joan diren, ezin izan dute futbolari ohia suspertu.

Azken ebakuntza egin ziotenean, zaleak ospitale kanpoan bildu ziren.

BIDEOA: Maradona, jainko eta deabru

Maradonaren ibilbidea errepasatzen duen bideoa.