Itxi

Futbola

Sadarren

Osasunak puntua lortu du Alavesen aurka, ia partida osoa hamarrekin jokatu ostean

A. A. | EITB MEDIA

Epaileak Ruben atezaina kaleratu du zortzigarren minutuan, Deyversoni falta argia egin ostean area kanpoan.

0
Osasuna – Alaves

Osasunak eta Alavesek berdindu egin dute Sadarren (1-1), gorritxoek zortzigarren minututik jokalari bat gutxiagorekin jokatu duten derbian; izan ere, epaileak Ruben Martinez atezain gorritxoa kanporatzea erabaki du Deyverson aurrelari brasildarrari area kanpoan egin dion falta argi baten ostean.

Dena den, etxekoak izan dira lehen gola erdietsi dutenak, Roberto Torresen eskutik, 68. minutuan izan da hori. Gainera, gol horren aurretik, Osasunak aukera garbiak izan ditu markagailuan agintzen jartzeko; alabaina, Pachecoren ateko zutoinen aurka jo du birritan.

Lehendabizi, Budimir kroaziarra izan da goletik gertu egon dena, oraindik ere hamaika hamaikaren aurka ari zirenean; gerora, Ruben Garciaren txanda iritsi da atsedenaldiaren atarian, falta jaurtiketa baten bidez, baina ahalegin bietan Alavesen zutoinekin egin dute topo.

Roberto Torresen golaren ondoren, gasteiztarrek berehala orekatu dute neurketa (75. minutuan), Lucas Perezek huts egin ez duen penaltiaren bidez.

Horrenbestez, puntu banaketa egon da bi taldeen artean. Ondorioz, Osasunak jaitsiera postuetan amaitu du urtea, eta Alavesek, aldiz, sailkapenaren erdialdean.

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: Rubén Martínez; Nacho Vidal, Aridane, David García, Juan Cruz; Roberto Torres (Kike Barja, 90. min), Oier, Moncayola (Javi Martínez, 90. min), Rubén García (Jony, min. 90); Calleri (Gallego, 46. min) eta Budimir (Sergio Herrera, 8. min).

1 – Alaves: Pacheco; Ximo (Tavares, 76. min), Laguardia, Lejeune, Duarte; Edgar (Borja Sainz, 66. min), Tomás Pina (Jota, 76. min), Manu García, Luis Rioja; Deyverson (Lucas Pérez, 46. min) eta Joselu.

Golak: 1-0, Roberto Torres (68. min). 1-1, Lucas Pérez (75. min).

Epailea: Jaime Latre. Txartel horiak: Oier, Calleri eta Sergio Herrera (Osasuna); Pina, Deyverson, Lejeune eta Jota (Alaves). Epaileak Ruben Martinez kanporatu du 8. minutuan, Deyversoni area aurrean falta garbia egin eta gero.