Itxi

Futbola

17. jardunaldia

Realak eta Osasunak berdindu egin dute urteko lehendabiziko derbian (1-1)

A. A. | EITB MEDIA

Gorritxoek aurrea hartu dute markagailuan Calleriren gol bati esker, baina bigarren zatia hasi eta berehala Barrenetxeak berdinketa lortu du.

0
Real Sociedad – Osasuna partidako laburpena eta gol guztiak

Realak eta Osasunak bat eta bat (1-1) berdindu dute Real-Arenan jokatutako neurketa parekatuan. Donostiarrek partida irabazteko aukera gehiago izan badituzte ere, azkenerako puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute, eta horrek Atletico eta Real Madrilengandik urruntzea ekarri die. Gorritxoek, bestalde, irabazi ezinda jarraitzen dute Donostian 2005etik, eta gaur eskuratutako puntuak ez die balio jaitsiera postuak atzean uzteko.

Jagoba Arrasateren taldea Jonathan Calleri argentinarraren bidez aurreratu da lehen zatian, etxekoen defentsaren akatsa baliatuta. Lehen zati horretako luzapenean, epaileak Porturen gol bat baliogabetu du jokoz kanpo egoteagatik, eta dena geratu da erabaki gabe bigarren zatirako.

Realak atsedenalditik bueltatu eta berehala orekatu du markagailua, Ander Barrenetxeari esker. Hortik aurrera, denbora kontua zirudien etxekoen aldeko bigarren gola iristea, Osasuna bere zelaian sartuta baitzegoen, baina txuri-urdinen aurrelariek ez dute euren egunik onena izan, eta Jon Bautista, etxekoen aukera onenean, ez da asmatzeko gai izan.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Sociedad: Remiro; Zubeldia, Sagnan, Le Normand, Muñoz; Guevara (Zubimendi, 78. min), Merino, Portu (Guridi, 66. min); Barrenetxea (Gorosabel, 78. min), Oyarzabal (Merquelanz, 66. min) eta Willian José (Jon Bautista, 60. min).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Juan Cruz; Moncayola, Iñigo Pérez, Kike Barja (Jony, 67. min); Rubén García (Torres, 67. min), Javi Martínez (Roncaglia, 85. min) eta Calleri (Budidmir, 77. min).

Epailea: Pizarro Gómez. Txartel horiak: Zubeldia (Reala) eta Roncaglia (Osasuna).

Golak: 0-1, 20. min: Calleri. 1-1, 46. min: Barrenetxea.