Itxi

Futbola

Errege Kopa

Barça eta Sevilla, finalerako lehen txartelaren bila

A. B. | EITB Media

Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida gaur jokatuko da, 21:00etan, Camp Noun.

  • Suso eta Messi

    Suso eta Messi, joan den larunbateko Ligako Sevilla-Bartzelona partidan. Argazkia: EFE

Bartzelonak eta Sevillak Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida jokatuko dute gaur, 21:00etan, Camp Noun. Joaneko neurketa Andaluziako taldeak irabazi zuen, 2-0eko emaitzarekin.

Iragan larunbatean, Barça eta Sevilla elkarren aurka lehiatu ziren Santander Ligako 25. jardunaldiko neurketan Sanchez Pizjuanen eta Kataluniako taldea nagusitu zen, 0-2ko emaitzarekin.

Ronald Koeman Barçako entrenatzaileak, larunbatean ligan atera zuen hamaikakoa errepikatu dezake. Hiru erdiko defentsarekin jokatzeko asmoa du holandarrak. Aurrealdean Messiren eta Dembeleren arteko konexioa bilatuko du Bartzelonak. Coutinho, Ansu Fati eta Sergi Roberto ez daude jokatzeko prest. Araujo zalantza da, asteartean ez baitzuen taldekideekin batera entrenatu.

Bestalde, Sevilla bi goleko abantailarekin iristen da lehiara, eta Julen Lopeteguik zuzentzen duen taldeak abantaila kudeatzea eta baliatzea du helburu. Lucas Ocamposek eta Marcos Acuñak ezingo dute jokatu, min hartuta baitaude, nahiz eta taldearekin joan diren Bartzelonara.

Ustezko hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen; Dest, Pique, Lenglet, Mingueza, Jordi Alba; Busquets, De Jong, Pedri; Messi eta Dembele.

Sevilla: Bono; Jesus Navas, Kounde, Diego Carlos, Rekik; Jordan, Fernando, Rakitic; Munir, En-Nesyri eta Papu Gomez.

Epailea: Sanchez Martinez.

Estadioa: Camp Nou.

Ordua: 21:00etan.