Itxi

Futbola

Apirilaren 23an jakingo da

UEFAk ostiralera atzeratu du Bilbo Eurokopako egoitzetako bat izateko erabakia

A. A. | EITB MEDIA

Hasiera batean, astelehen honetan, apirilaren 19an, hartu behar zuten erabakia, baina Aleksander Ceferinek zuzentzen duen erakundeak informazio gehiago biltzea erabaki du.

  • San Mames futbol-zelaia.

    San Mames futbol-zelaia. Argazkia: EFE

Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak Montreuxen (Suitza) egindako bileraren ostean iragarri duenez, 2020ko Eurokopa hartuko duten egoitzen behin betiko erabakia ostiralera arte atzeratu dute. Egoitza horietako bat Bilbo da.

"Erabakia ostiralera arte atzeratu dugu, bazter daitezkeen egoitzen inguruko zenbait gai argitu nahi ditugulako; erakundeak ostiralean erabakiko du ", adierazi du bideokonferentzia bidez.

Covid-19aren pandemiagatik urtebeteko atzerapenarekin egingo den 2020ko Eurokopa, ekainaren 11tik uztailaren 11ra bitartean jokatuko da Europako hainbat herrialdetako hirietan. Aipatu hiri horiek Erroma, Londres, Amsterdam, Baku, Bukarest, Budapest, Kopenhage, Glasgow, Munich, San Petersburgo, Dublin eta Bilbo dira; alabaina, azken bi hiriburu horiek kolokan daude, arazoak baitituzte UEFAk ezinbesteko baldintza gisa eskatzen duen gutxieneko publiko kopurua betetzeko.

Irlandako Federazioak jada iragarri zuen ez zegoela publikoaren presentzia bermatzeko moduan. Bere aldetik, Bilboko Udalak adierazi zuen lanean jarraitzen duela hiri anfitrioien artean mantentzeko, partidetara 14.000 ikusle inguru joan zitezkeela iragarri ondoren, betiere covid-19aren intzidentzia-tasa metatuta 14 egunetan 100.000 biztanleko 40 kasu baino gutxiagokoa bada eta biztanleriaren immunitatea % 60ra iristen bada, besteak beste.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du UEFAri jakinarazi ziola publikoaren presentzia pandemiaren egoeraren, txertaketaren bilakaeraren eta une horretan euskal ospitaleen okupazioaren mende egongo zela. Hori dela eta, egoitza Sevillako Cartuja estadiora lekualdatzeko aukera zabaldu da hainbat iturrietatik.

Andaluziako Juntatik, Juanma Moreno presidenteak esan du Sevilla Eurokopako egoitza bada, "pizgarria" izango dela Andaluziako eta Espainiako ekonomiarentzat.

UEFAk txapelketaren hiri anfitrioiak aukeratu zituenean, Minsk, Sofia, Skopje, Jerusalem, Stockholm eta Cardiffeko proiektuak baztertu zituen, eta, ondoren, Bruselarena, hasiera batean aukeratua izan zena.