Itxi

Futbola

Maiatzaren 15etik 23ra artean

Bigarren Mailara igotzeko play-offak Extremaduran jokatuko dira

A. B. E. | EITB Media

Badajoz, Almendralejo, Villanueva de la Serena eta Don Beniton jokatuko dira 12 kanporaketak, maiatzaren 15etik 23ra artean.

  • Bilbao Athletic eta Real B

    Bilbao Athleticek eta Reala Bk jokatutako Bigarren Bko partida baten irudia. Argazkia: EITB Media

Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara (SmartBank Liga) igotzeko play-offak Extremaduran jokatuko dira, maiatzaren 15etik 23ra artean, ostiral honetan Espainiako Futbol Federazioak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez.

Badajozeko Vivero Berria, Almendralejoko Francisco de la Hera, Villanueva de la Serenako Villanovense eta Don Benitoko Vicente Sanz estadioetan banatuko dira igoera faseko 12 kanporaketak.

Bigarren B Mailako lehen bi faseetako 16 talde onenak ariko dira igoera lortzeko lau txartelen bila. Kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira, eta luzapena izango dute neurketak berdinduta amaitzen badira, baina irabazlea ez da penalti jaurtiketen bidez erabakiko; hala, luzapena ere berdinketarekin amaitzen bada, aurreko faseetan sailkapenean postu onena lortu duenak egingo du aurrera. Aitzitik, kanporaketaren bat berdinduta amaitu eta bi taldeek aurreko faseak postu berdinean bukatu badituzte, penalti jaurtiketen bidez erabakiko da garailea.

2021eko igoera fasea bukatzen denean, amaiera emango zaio 1977. urtetik ezagutu dugun Bigarren B Mailako formatuari. 2021-2022 denboralditik aurrera, Bigarren Maila baino beherago, Federazioaren Lehen Maila, Federazioaren Bigarren Maila eta Federazioaren Hirugarren Maila txapelketak sortuko dira.