Itxi

Futbola

Finalerdiak

Vila-real eta Manchester United, Europa Ligako finalera

A. B. E. | EITB Media

Espainiako taldeak Arsenal kanporatu du, eta talde ingelesak Erroma utzi du txapelketatik at.

  • Arsenal - Vila-real

    Vila-realeko jokalariak, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Vila-realek eta Manchester Unitedek jokatuko dute Europa Ligako finala, txapelketako finalerdietan Arsenal eta Erroma kanporatu ostean, hurrenez hurren. Espainiako taldeak lehen aldiz jokatuko du Europa mailako final bat.

Ingalaterran, Arsenalek eta Vila-realek golik gabe berdindu dute (0-0) finalerdietako itzuliko partida, baina Castelloko taldeak joanekoa irabazi (2-1) zuenez, finalerako txartela eskuratu du. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak sufritu egin behar izan du, Mikel Arteta entrenatzaile duen Arsenalek abagune ugari izan baititu; adibidez, Aubameyangek bi erremate bidali ditu zutoinera. Arsenalek gehiegi barkatu du, eta txapelketatik at geratu da.

Bestalde, Italian, Erromak garaipena lortu du Manchester Uniteden aurka (3-2), baina joaneko neurketan Ingalaterrako taldea nagusitu zenez (6-2), United finalean egongo da. Finalerdietako itzuliko partidan aurrea hartu du markagailuan Unitedek, Cavaniren golari esker (0-1). Bigarren zatian, ordea, Erromak emaitza irauli du Dzekoren (1-1, 56. minutuan) eta Cristanteren (2-1, 62. minutuan) golekin. Hala ere, Cavanik binakoa (2-2) jarri du markagailuan 69 minutuan, eta Zalewskik eman dio garaipena (3-2) Erromari.