Itxi

Futbola

EURO 2020

Galesek eta Suitzak berdindu egin dute Eurokopa honetako euren lehen partidan (1-1)

M. Y. L. | EITB Media

Talde helvetiarrak ia partida osoan zehar agindu du zelaian, baina azken ordu erdian Pageren taldeak eraso egin eta berdinketa lortu du.

  • Gareth Bale eta Manuel Akanji

    Gareth Bale eta Manuel Akanji. Argazkia: EFE

Kieffer Moorek talde helvetiarraren debuta zapuztu du, partidaren azken txanpan sartutako golarekin. Suitza azken ordu erdira arte bikain aritu da, baina Beer Embolok Vladimir Petkovicen gizonak aurreratu ondoren, zigorra jaso du.

Suitzak ia hasieratik hartu du neurketaren agintea. Erraza izan da, Rob Pagek bere zelaian ixteko apustua egin baitu Kieffer Mooreren kontraeraso baten zain. Daniel Jamesen lasterketaren bat izan ezik, Galesek ez du ezer egin.

Jamesen eraso batean, Galesek bere aukera argi bakarraz gozatu du. Manchester Unitedeko jokalariak erdiraketa bikaina egin, Moorek buruz errematatu eta Yann Sommerrek geldiketa bikaina egin du. Hori izan da guztia.

Atsedenaldia baino lehen Galesek ez du golik jaso Suitzari punteria falta izan zaiolako. Talde helvetiarrak Schärren orpokada zoragarri batekin eta Seferovicen hiru jaurtiketarekin gola egiteko aukera izan du.

Bigarren zatian, Embolok baloia kornerrera bidaltzera behartu du Ward. Shaqirik jaurti du eta Embolok buruz egin du gola.

Orduan Galesi estrategia aldatzea eta berdinketaren bila joatea besterik ez zaio geratu. Eta, bat-batean, egoera aldatu eta Suitza kontraerasotzaile bihurtu da.

Emboloren beste saiakera bat izan ezik, Galesek indar guztiak erabili ditu norgehiagoka berdintzeko eta lortu egin du. Korner baten ondoren, Moorek burukada on batekin berdindu du markagailua.

Fitxa teknikoa:

1.- Gales: Ward; Roberts, Rodon, Mepham, Davies; Morrell, Allen, Ramsey (Ampadu, 93. min); James (Brooks, 75.min), Moore eta Bale.

1.- Suitza: Sommer; Mbabu, Elveldi, Schär, Akanji, Rodriguez; Xhaka, Shaqiri (Zakaria, 66. min), Freuler; Embolo eta Seferovic (Gavranovic, 84. min).

Golak: 1-0, 49. min: Embolo; 1-1, 74. min: Moore.

Epailea: Clement Turpin (Frantzia). Suitzako Schärri (30. min) eta Mbaburi (63. min) eta Galeseko Mooreri (47. min) erakutsi die txartel horia.