Itxi

Futbola

Messik Bartzelona utziko du

Laporta: "Messik geratu nahi zuen, baina bere kontratua berritzeak kluba arriskuan jarriko zukeen"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Argentinarrak gutxienez beste bi denboraldi jarraitzeko akordioa eginda zegoela ziurtatu du Bartzelona taldeko arduradun nagusiak.

  • Joan Laporta, Messiren agurra azaltzeko emandako prentsaurrekoan

    Joan Laporta, Messiren agurra azaltzeko emandako prentsaurrekoan. Argazkia: Efe.

Joan Laporta Bartzelona taldeko presidenteak esan du Lionel Messiren kontratua berritzeak klubaren etorkizuna "arriskuan" jarriko zukeela, eta hori dela argentinarrak taldean ez jarraitzeko arrazoi nagusia.

"Zoritxarrez, herentzia negargarria jaso dugu, jokalarien soldatak klubaren diru-sarrera osoen % 110 dira. Messiren kontratuak eskatzen duen inbertsioa egiteak arriskuak zituen eta ez dugu kluba arriskuan jarri nahi", azaldu du presidenteak.

Laportaren hitzetan, Messirekin bi urte gehiago jarraitzeko akordioa zuten, baina akordio hori ezin zuten gauzatu kontratua LaLigak ezarritako soldata mugaren barruan izenpetzea ezinezkoa zelako. Kontratuak bi bertsio omen zituen: bi urte bost urtetan ordaintzekoak edo bost urte baina urtean gutxiago kobratuta.

"Emozioak alde batera utzi behar ditugu"

"Leok Bartzelonan geratu nahi zuen eta guk bera geratzea nahi genuen. Bere nahia erabakigarria izan zen. Baina momentu honetan emozioak alde batera utzi behar dituzu eta mugak jarri, zenbakiak zorrotz eta hotz aztertuz. Eta LaLigaren araua errespetatu behar dugu, malguagoa izan behar litzatekeela uste dugun arren. Baina araua ezagutzen dugu, eta ezin genuen bete jasotako herentziaren ondorioz", azaldu du.

Urtearen hasieran, Messik kirol munduko kontraturik garestiena zuela zabaldu zen.

Maila pertsonalean, Laportak gauzak argi utzi nahi izan ditu: "Messik dena merezi du, Bartzelonan jarraitzeko borondatea erakutsi du, eta klubari dion estimua. Triste nago, baina aldi berean ziur naiz Bartzelonaren interesentzat onena egin dugula".