Publizitatea
Itxi

2021/08/12

00:09

Futbola

Vila-real mendean hartuta

Chelsea, Europako Superkopako txapeldun

A. B. E. | EITB Media

Ingalaterrako taldearen eta Vila-realen arteko partidaren arauzko denbora 1-1 amaitu da, luzapenean ez da golik egon, eta, 118. minutuan zelairatuta, Kepa Arrizabalaga atezainak bi gelditu egin ditu penalti jaurtiketetan, eta horri esker lortu du Chelseak garaipena.

  • Chelsea

    Chelseako jokalaiak, garaikurra altxatuta titulua ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Chelsea da Europako Superkopako txapelduna, Belfasten jokatu den finalean Vila-real mendean hartuta. Partidako arauzko 90. minutuak 1-1 amaitu dira, luzapenean ez da golik egon, eta penalti jaurtiketetan Kepa Arrizabalaga euskal atezaina izan da protagonista, bi geldiketa eginda. Chelseako kapitainak, Cesar Azpilicueta euskal jokalariak, altxatu du garaikurra.

Baloiaren jabe egin da Chelsea neurketaren hasieran, eta seigarren minutuan Asenjo Vila-real taldeko atezainak gola eragotzi du Wernerren errematea desbideratuta. Ondoren, Ingalaterrako taldeak arriskua eraman du aurkariaren ate ingurura, baina gehiago kosta zaio abagune argiak sortzea. Norgehiagokako 19. minutuan, Asenjok Ziyechen jaurtiketa ona gelditu du, baina 27. minutuan ezin izan du Chelsearen gola eragotzi; Marcos Alonsok pasea eman dio Havertzi, alemaniarrak atzean utzi du Foyth, area barrura pasea eman du, eta Ziyechek gola sartu du (1-0).

Gola jaso ostean etorri da Vila-realen erantzuna, baina Mendy atezainak gola saihestu du, Boulaye Diaren errematea geldituta. Jarraian, Chelseak bigarren gola sartzeko aukera izan du; hala ere, Asenjok Marcos Alonsoren jaurtiketa desbideratu du. Norgehiagokako 39. minutuan, Ziyechek min hartu du, eta zelaia utzi behar izan du. Tuchel Chelseako entrenatzaileak Pulisic zelairatu du golegilearen ordez. Atsedenaldira iritsi orduko, lehen zatiko azken jokaldian, Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak partida berdintzeko aukera izan du, baina Alberto Morenoren erremateak langa jo du eta ez da sare barrura sartu.

Erasokor ekin dio bigarren zatiari Vila-realek, eta markagailua parekatzeko abagunea izan du 53. minutuan; Mendy atezainak irrist egin du ateko sakea ateratzerakoan, baloia Diari iritsi zaio, honek Gerard Morenori pasea eman, eta aurrelari espainiarraren jaurtiketak zutoina jo du, Chelseako atezainak ukitu ostean. Unai Emaryk zuzendutako taldea nagusi izan da, eta arriskua sortzen jarraitu du. Chelseako jokalariak bikain ibili dira defentsako lanean, eta aurkariek arean jarri dituzten baloi guztiak aldendu dituzte. Ekinean jarraitu du Vila-realek, eta abagune ezin hobea izan du 68. minutuan; Gerard Morenok pase bikaina eman dio Estupiñani, eta Mendyk gelditu egin du hegaleko jokalariak area barrutik egin duen jaurtiketa gurutzatua. Emeryk entrenatzen duen taldeak saria merezi zuen, eta 73. minutuan jaso du Gerard Morenok sartu duen golari esker (1-1). Jokaldi bikaina egin du Vila-realek, Diak pase dotorea eman dio Gerard Morenori, eta aurrelari katalanak banakoa jarri du markagailuan.

Chelsea suspertu egin da Vila-realen golaren ostean, eta erasora jo du. Thomas Tuchelek zuzentzen duen taldeak atzean sartu du Unai Emeryk zuzendutakoa, baina ahal izan duten moduan eutsi diote berdinketari. Chelseak abagune bikaina izan du bigarren zatiko azken jokaldian, baina Marcos Alonsoren jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik izan bada ere. Ondorioz, neurketak luzapena behar izan du.

Luzapeneko lehen zatian, jaun eta jabe izan da Chelsea. Ingalaterrako taldea izan da baloiaren jabe, Vila-real atzean sartu du, baina kosta egin zaio abaguneak sortzea. Hala ere, 98. minutuan, gola sartzeko aukera izan du Londresko taldeak, Azpilucuetak, Havertzek eta Pulisicek egin duten jokaldi bikainean, baina Pulisicen errematea kanpora joan da. Luzapeneko bigarren zatian ere nagusi izan da Chelsea, eta, 107. minutuan, Asenjok talde ingelesaren gola eragotzi du, Mountek area barrutik egindako jaurtiketari erantzun ezin hobea emanda. Marcos Alonsok beste abagune bat izan du 113. minutuan, baina jautiketa gora joan zaion. Luzapena amaitzeko bi minutu falta zirenean, Thomas Tuchel Chelseako entrenatzaileak Mendy atezaina kendu du Kepa Arrizabalaga zelaira sartzeko, lehia penalti jaurtiketen bidez erabaki zitekeela ikusita.

Penalti jaurtiketetan, Havertzek egin du lehen jaurtiketa eta Asenjok gelditu egin du. Jarraian, Gerard Morenok gola sartu du Vila-realentzat. Azpilicuetak ez du barkatu Chelsearen bigarren jaurtiketan, eta Kepa Arrizabalagak gelditu egin du Mandik jaurtitako penaltia. Marcos Alonsok aurretik jarri du Ingalaterrako taldea, baina Estupiñanek berdinketa ekarri duen gola egin du. Mountek ez du kale egin, eta Moi Gomezek gola sartu du, Kepa jaurtiketa gelditzetik gertu egon den arren. Jorginhok maisuki gainditu du Asenjo Chelsearen bosgarren jaurtiketan, baina Rabak ez du kale egin. Londresko taldearen seigarren penalti jaurtiketa sare barrura bidali du Pulisicek, eta Foythek gauza bera egin du Castelloko taldearentzat. Rudigerrek ere Asenjo gainditu du, Kepa Arrizabalagak gelditu egin du Albiolen jaurtiketa, eta, ondorioz, Chelseak erdietsi du garaipena.

Fitxa teknikoa:

1- Chelsea: Mendy (Kepa, 119. min); Zouma (Christensen, 66. min), Rudiger, Chalobah; Hudson-Odoi (Azpilicueta, 82. min), Kante (Jorginho, 65. min), Kovacic, Marcos Alonso; Ziyech (Pulisic, 43. min), Havertz eta Werner (Mount, 65. min).

0 - Vila-real: Asenjo; Foyth, Albiol, Pau Torres, Pedraza (Estupiñan, 58. min); Yeremi (Mandi, 91. min), Capoue (Mario Gaspar, 70. min), Trigueros (Moi Gomez, 70. min), Alberto Moreno (Morlanes, 85. min); Gerard Moreno eta Dia (Raba, 85. min).

Golak: 1-0, 27. min, Ziyech. 1-1, 73. min, Gerard Moreno.

Penalti jaurtiketak: 0-0, Havertz, huts. 0-1, Gerard Moreno, gola. 1-1, Azpilicueta, gola. 1-1, Mandi, huts. 2-1, Marcos Alonso, gola. 2-2, Estupiñan, gola. 3-2, Mount, gola. 3-3, Moi Gomez, gola. 4-3, Jorginho, gola. 4-4, Raba, gola. 5-4, Pulisic, gola. 5-5, Foyth, gola. 6-5, Rudiger, gola. 6-5, Albiol, huts.

Epailea: Sergey Karasev. Txartel horia atera die Rudiger (45. min) Chelseako jokalariari eta Yeremi (62. min) eta Raba (119. min) Vila-realeko futbolariei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;