Itxi

Futbola

EUSKAL DERBIA

Alavesek eta Athleticek golik gabe berdindu dute Mendizorrotzako euripean

A. A. | EITB MEDIA

Lortutako puntuak jaitsierako postuetatik ateratzeko balio die etxekoei, behin-behinean. Zuri-gorriek, berriz, denboraldiko hamargarren berdinketa pilatu dute gaurkoarekin.

  • Oscar de Marcos eta Luis Rioja baloi baten lehian.

    Oscar de Marcos eta Luis Rioja baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Athleticek eta Alavesek hutsean amaitu den derbia jokatu dute Mendizorrotzan, Santander Ligari dagokion 20. jardunaldian.

Zuri-gorriek ez diote ondo ekin neurketari, Unai Vencedorrek zelaia utzi behar izan baitu hirugarren minuturako, giharretako lesio baten ondorioz. Oier Zarragak hartu du haren lekua. Hasierako nahasmen uneak gainditu ostean, Marcelinoren taldeak bereganatu du baloiaren jabetza eta neurketako agintea, gasteiztarrak atzean sendo zeudela, kontraeraso on bat noiz aurkituko.

Alabaina, defentsak nagusi ziren erasoko jokalarien aurrean. Ondorioz, euripean jokatu den derbiko lehen ordu erdian, geldikako jokaldietan baino ez dute arriskua sortzeko gaitasunik izan bi taldeek.

Gerora, ordea, partidaren 33. minutuan, Alavesek abagune arriskutsu bat sortu du, babazorroekin debuta egin duen Jasonek eskuinaldetik erdiratu eta area barruan Miguel de la Fuentek buruz errematatuta. Alabaina, horren saiakera desbideratuta joan da hondoko marratik.

Zuri-gorriek ia berehala erantzun dute kontraeraso baten bitartez. Muniainek sakon bidali dio baloia Williamsi, baina aurrelariaren ahalegina Pachecoren ateko sarea jo du, baina kanpoaldetik.

Lehen zatia amaitu orduko, 40. minutuan, Mendilibarrek lehen aldaketa egin du, Gonzalo Escalante zelairatuta Jasonen ordez, azken horrek inongo lesiorik izan ez arren.

Atsedenalditik bueltan, 55. minutuan, etxekoak gola egitetik oso gertu egon dira, batez ere Ruben Duarteren aukera eder batean. Izan ere, Athleticek kontraeraso bat antolatu nahi izan du atzeko lerrotik baloia aterata, baina Duartek moztu egin du Williamsek taldekide bati zuzendu nahi zion pasea, eta, bi aldiz pentsatu gabe, areaz kanpotik jaurti du. Unai Simonek, aurreko astean Osasunaren aurkako neurketan egin zuen legez, ozta-ozta desbideratu du Alaveseko jokalari andaluziarraren saiakera, eta langaren kontra amaitu du jaurtiketak.

Bilbotarrei 25 minutu kostatu zaie neurketari erritmoa hartzea bigarren zatian, baina bi minuturen bueltan bi aukera garbi kateatu dituzte markagailuan aurrea hartzeko. Lehendabizikoan, Muniainek maisutasunez antolatu du kontraeraso bizi bat. Raul Garciari eman dio, erdilari nafarrak ezker hegaletik erdira zezan, baina Alex Berenguer ez da hark area barruan jarritako baloia errematatzera iritsi. Jarraian, 71. minutuan, Pachecok gelditu ederra egin dio Berenguerrek berak jotako zartako gurutzatuari.

Hortik eta amaierara arte, ez da ia jokaldi aipagarririk izan, eta, hartara, puntu banaketarekin amaitu da euskal derbia. Beraz, Alavesek 18 puntu batu ditu gaurkoarekin, eta berdinketa horrek jaitsiera postuetatik atera du, behin-behinean, Jose Luis Mendilibarren taldea. Athleticek, ostera, 28 puntu dauzka, eta Europarako sailkapena ematen duten tokietara jauzi egin ezinda jarraitzen du.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Pacheco, Martín, Lejeune, Miazga, Duarte; Manu García, Moya, Luis Rioja (Édgar Méndez, 65. min), Jason (Escalante, 40. min), Miguel (Pellistri, 85. min) eta Joselu.

0 – Athletic Club: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer (Serrano, 83. min), Dani García (Vesga, 83. min), Vencedor (Zarraga, 4. min), Muniain, Sancet (Raúl García, 60. min), Iñaki Williams (Nico Williams, 60. min).

Epailea: Jaime Latre. Txartel horia atera die Lejeune (26. min) eta Duarte (61. min) Alaveseko jokalariei.