Itxi

Futbola

Gaur, 20:00etan

Bartzelona eta Real Madril, Superkopako finalerako txartelaren bila

EITB Media

Klasikoa izango da Espainiako Superkopako finalerdietako lehen partida eta gaur jokatuko da, 20:00etan.

  • Xavi Hernandez eta Carlo Ancelotti

    Xavi Hernandez (Bartzelona) eta Carlo Ancelotti Real Madril) elkar agurtzen. Argazkia: EFE

Bartzelona eta Real Madril nor baino nor ariko dira gaur, urtarrilaren 12an, 2022ko Espainiako Superkopako lehen finalerdian. Neurketa 20:00etan hasiko da eta finalerako txartela egongo da jokoan.

Saudi Arabiak hartuko du Espainiatik kanpo jokatzen den lehen 'klasiko' ofiziala. Real Madril Santander Ligako lidergoan iritsi da txapelketara; Barça, aldiz, seigarren postuan da Ligako sailkapenean, baina fitxaketak egin ditu neguko merkatuan.

Real Madrilen zalantzan dago Dani Carvajalen parte-hartzea. Defentsako ezker hegaleko jokalariak gainditu berri du lesioa, eta badirudi Lucas Vazquez egongo dela hasierako hamaikakoan postu hori betetzeko. Bale eta Mariano, biak min hartuta, Carlo Ancelotti entrenatzaileak osatutako deialditik at geratu dira.

Barçak, bestalde, neguko merkatuan fitxatu duen Ferran Torres inskribatu du Ligan, eta valentziarrak Superkopa jokatu ahalko du. Torres, Pedrirekin batera iritsi zen Riadera astelehenean, eta asteartean taldekideekin entrenatu ziren bi jokalariak. Duela egun gutxi Ligan inskribatutako Dani Alves eta lesioa gainditu berri duen Frenkie de Jong hasierako hamaikakoan egongo dira. Xavi Hernandez entrenatzaileak ez du deialdian sartu Eric Garcia, min hartuta baitago.

Ustezko hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen; Dani Alves, Pique, Araujo, Jordi Alba; F. De Jong, Busquets, Gavi; Dembele, L. De Jong eta Jutgla.

Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Militao, Alaba, Mendy; Kroos, Casemiro, Modric; Asensio, Benzema eta Vinicius.

Epailea: Munuera Montero.

Estadioa: King Fahd Stadium.

Ordua: 20:00etan.