Futbola
Sevillan
Eintracht Frankfurt eta Glasgow Rangers taldeek jokatuko dute Europa Ligako finala
A. B. E. | EITB Media
Alemaniako taldeak West Ham kanporatu du, eta Eskoziakoak txapelketatik at utzi du RB Leipzig.
-
Eintrachteko jokalariak, Borrek West Hami sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Eintracht Frankfurt eta Glasgow Rangers taldeek jokatuko dute Europa Ligako finala maiatzaren 18an Sevillako Sanchez Pizjuan estadioan. Alemaniarrek West Ham kanporatu dute, eta eskoziarrek RB Leipzig utzi dute txapelketatik at.
Glasgow Rangersek ezustekoa eman du finalerdietako itzuliko partidan RB Leipzigi 3-1 irabazita, eta joanekoan jaso zuen aurkako 1-0ekoa iraulita. Erasokor zelairatu da Rangers, eta James Tavernierrek gola sartu du (1-0) 18. minutuan. Gainera, bost minutu beranduago, Gien Kamarak 2-0ekoa jarri du markagailuan. Bigarren zatiaren hasieran Leipzig izan da nagusi, eta Christopher Nkunkuk aldeak murriztu ditu (2-1), 70. minutuan gola sartuta. Momentu horretan kanporaketa berdintzea lortu du Alemaniako taldeak, baina John Lundstramek hirugarren gola sartu du (3-1) Rangersentzat, eta finalerako txartela eman dio bere taldeari.
Bestalde, Eintracht Franfurtek mendean hartu du West Ham (1-0) itzuliko norgehiagokan. Alemaniako taldeak joanekoan ere garaipena lortu zuen (1-2), eta finalerdietako bi neurketak irabazita erdietsi du finalerako sailkapena. Ostegun honetako partidako 18. minutuan West Ham jokalari bat gutxiagorekin geratu da Cresswellek txartel gorria ikusi duelako. Zortzi minutu beranduago, Santos Borrek gola sartu du (1-0) Eintracht Frankfurtentzat. Ingalaterrako taldea ez da gai izan neurketa berdintzeko eta aurkaria urduri jartzeko; ondorioz, Eintrachtek lortu du garaipena. David Moyes West Hameko entrenatzaileak txartel gorria ikusi du, 78. minutuan.