Itxi

Futbola

Bucaresten harrapatuta

'Gaizkileen banda antolatua bagina bezala hartu gaituzte'

Leire Etxazarra

Milaka Athletic-zalek benetako odisea bizi dute Bucarestetik Loiura iristeko; orduak eman dituzte autobusetan harrapatuta eta informazioa eduki zezakeen inork ez zekien gaztelaniaz edo ingelesez.

01:05
Etxerako itzulera, amesgaiztoa Athleticeko zaleentzat

"Ordu eta erdiko atzerapen 'txikia'rekin atera diren 'zorioneko'en artean nago". Horrela hasi du Jon Villada Pelayo Athletic-zaleak eta eitb.com-eko erabiltzaileak Burcaresten gertatutakoaz egindako kontaketa. Mezua eitb.com webgunean jarri du Facebooken bitartez.

"Gaizkileen banda antolatua bagina bezala hartu gaituzte", dio zale zurigorriak, "guk nahi gendun gauza bakarra hegazkinera igo eta etxera joatea zen, Errumaniako futbol zelaian izandako ikuskizun tristearen ostean".

"Antolaketa eza", "lotsagarria", "kolapsoa" eta "hirugarren munduko egoera" dira erabiltzaileen komentarioetan gehien errepikatzen diren hitzak.

Bucaresten harrapatuta geratutako beste zale batek, Ni Neu izenekoak, honakoa dio: "hamarka autobusen artean harrapatuta egon gara, mugitu ezinik. Handik atera eta hiria ziztu bizian zeharkatu dugu, semaforoei kasurik egin gabe Poliziaeren aginduz... ¡beldurtzekoa!"

Terminalean galduta

Aireportura iritsi eta hegazkinera igotzeko baimena lortzea zaila izan bada, ezustekoak ez ziren hor bukatzen. Marta Fernandez zalearen hitzetan "antolaketa ezaren azken adibidea terminaletik hegazkinera joateko autobusa hartu dugunean gertatu da: gidaria galdu egin da eta 20 minutu eman ditugu pista batetik bestera bueltak ematen, nora ezean".

Bucarestera joan diren askori zaila egingo zaie bidaia ahaztea, ez bakarrik Athleticen porrotagatik, Errumaniak izandako buruhausteengatik baizik: "Nik neuk, behintzat, ez daukat Errumaniara luzaroan bueltatzeko asmorik", esan du Jon Villadak.