Itxi

Futbola

Santander Liga

Iraolak kontratua berritu du Rayo Vallecanorekin, 2023ra arte

EITB Media

Euskal entrenatzaileak beste denboraldi batez luzatu du Madrilgo taldearekin lotzen duen kontratua.

  • Andoni Iraola

    Andoni Iraola, Rayo Vallecanoko entrenatzailea. Argazkia: @RayoVallecano

Andoni Iraolak kontratua berritu du Rayo Vallecanorekin, 2023ko ekainaren 30era arte. Hala jakinarazi du Madrilgo klubak komunikatu baten bidez, ostegun honetan.

Iraolak 39 urte ditu, eta 2020ko abuztuan hartu zuen Rayo zuzentzeko ardura. SmartBank Ligari gaizki ekin zion 2020-2021 denboraldian, baina taldea playoffetara sailkatu zen. Igoera fasean Leganes kanporatu zuen lehenengo, eta, nagusi izan zen Gironaren aurkako kanporaketan. Kataluniako taldeari irabazita Lehen Mailara igo zen Rayo Vallecano.

Denboraldi honetan, Rayok salbazioa lortu du matematikoki Santander Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Bestalde, Errege Kopan finalerdietara arte iritsi zen, eta ezin izan zuen finalerako txartela lortu Betisek kanporatu baitzuen.

Iraolak 2018an egin zuen debuta entrenatzaile karguan Zipreko AEK Larnacan. Taldea Europa Ligara sailkatu zuen atariko kanporaketak aurrera aterata eta Superkopa irabazi zuen.

2019-2020 denboraldian Mirandes zuzendu zuen. Burgosko taldearen helburua SmartBank Ligan mantentzea izan zen, eta aise lortu zuen, taldeak liga 11. postuan amaituta. Gainera, Errege Kopan Lehen Mailako Celta, Sevilla eta Vila-real kanporatu zituen Mirandesek; finalerdietan, ordea, txapelketatik at geratu zen, Realaren aurka galduta.