Itxi

Futbola

Emakumezkoen selekzioa

Vildak ez du Paredes deitu, ezta eskatu zuten 15 jokalariak ere

I. G. | EITB Media

Jenni Hermoso ere ez du deitu, beste kapitainetako bat. Euskal taldeetako jokalarien artean, Sun Quiñones, Ana Tejada, Oihane Hernandez eta Ane Azcona deitu ditu.

15:06
Jorge Vilda

Jorge Vilda emakumezkoen futbol selekzioko hautatzaile nazionalak urrian Suedia eta Estatu Batuen aurka jokatu beharreko lagunartekoetarako deialdia eskaini du ostiral honetan. Bertan ez dira agertzen egungo egoeragatik eskatu zuten 15 jokalariak, ezta Irene Paredes kapitaina eta Jenni Hermoso aurrelaria ere.

Madrildarrak Ainhoa Vicente Moraza, Patri Guijarro, Leila Ouahabi, Lucia Garcia, Mapi Leon, Ona Batlle, Laia Aleixandri, Claudia Pina, Aitana Bonmati, Andrea Pereira, Mariona Caldentey, Sandra Paños, Lola Gallardo, Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegiren izenak agertzen ez diren deialdia eman du.

Horiek guztiek komunikatu bat partekatu zuten joan den ostiralean, eta ohartarazi zuten ez ziotela uko egiten selekzioari, baina nahiago zutela deialditik kanpo geratzea, harik eta "egoera emozional, pertsonal eta errendimenduan" eragina zuten "egoerak" leheneratu arte.

Gainera, entrenatzaile madrildarrak ez ditu deitu Irene Paredes FC Bartzelonaren defentsa eta kapitaina, ezta beste kapitain bat ere, Jenni Hermoso (Amerika) aurrelaria, joan den asteartean bere taldekideei babesa adierazi ziena, nahiz eta "formak" ez zituen partekatu.

Zerrendan aurreko Eurokopan egon ziren jokalariek jarraitzen dute, eta Vildak Ana Tejada (Reala) atzelaria eta Salma Paralluelo (Bartzelona) aurrelaria deitu ditu, 20 urtez azpikoarekin munduko txapeldun izan zirenak. Ane Azcona (Athletic), Nuria Rabano (Bartzelona) edo Enith Salon (Valentzia) atezaina dira berritasunetako batzuk.

Espainiak datorren astelehenean kontzentrazioa egingo du lagunartekoak prestatzen hasteko, lehena hilaren 7an Suediaren aurka Kordobako El Arcangel Berrian, eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) aurka bestea, hilaren 11an Iruñeko Sadarren. Talde amerikarreko Megan Rapinoe, Alex Morgan eta Becky Sauerbrunn jokalariek euren babesa agertu zieten Espainiako futbolariei.

DEITUTAKOEN ZERRENDA

ATEZAINAK: Meza Rodriguez (Real Madril), Sun Quiñones (Athletic) eta Enith Salon (Valentzia).

ATZELARIAK: Sheila García (Atletico), Olga Carmona, Ivana Andres eta Rocio Galvez (Real Madril), Ana Tejada (Reala), Nuria Rabano (Bartzelona), Maria Mendez (Levante) eta Oihane Hernandez (Athletic).

ERDILARIAK: Tere Abelleira, Claudia Zornoza eta Maite Oroz (Real Madril), Anna Torroda (Valentzia), Maitane Lopez eta Irene Guerrero (Atletico).

ARRELARIAK: Athenea del Castillo eta Esther Gonzalez (Real Madril), Ane Azcona (Athletic), Marta Cardona (Atletico), Salma Paralluelo (Bartzelona) eta Alba Redondo (Levante).