Itxi

Futbola

Errege Kopa

Real Unionek ezustekoa eman du, eta Eibar eta Alavesekin sailkatu da Kopako bigarren fasera

I. G. | EITB MEDIA

Bestalde, Cirbonero eta San Juan nafarrek ezin izan dituzte aurkariak gainditu etxean jokatu arren, bukatutzat emanez lehiaketako parte-hartzea.

  • Real Unioneko jokalariak garaipenaren gola ospatzen

    Real Unioneko jokalariak garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Real Union izan da protagonista nagusia igande honetan, Cadiz, Lehen Mailako taldea, 3-2 mendean hartuta Errege Kopako lehen kanporaketan. Eibarrek eta Alavesek ere etxeko lanak egin dituzte, aurkariei nagusituz, eta bigarren kanporaketarako txartela lortuz. Aitzitik, Atletico Cirbonerok eta San Juanek porrota jaso dute euren neurketetan, eta agur esan diote lehiaketari.

Irunen jokatutako partidan, Cadiz izan da markagailua irekitzen lehena 15. minutuan, baina jarraian, etxekoek baloia sarera bidali dute partida berdintzeko. Bigarren zatian, berriz ere, Cadizko taldea zen aurrea hartzen ari zena, baina, amaierarako 10 minuturen faltan, Real Unionek markagailua berdindu du berriro.

Partida luzapenera zihoala zirudienean, Gipuzkoako taldeak partida eta kanporaketako pasea irabazi ditu, Nacho Sanchez Romok luzapenean lortutako gol ikusgarri bidez (3-2).

Eibar izan da igande honetan jokatu duen lehen euskal taldea, Las Rozasen aurka. Armaginei kosta egin zaie markagailua irekitzea azken ordu laurdenera arte golik izan ez den partidan. Hala ere, Leschuken bi golek (74. eta 78. minutuetan) lasaitasuna eman diote Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeari. Hirugarren gola, dena erabakita zegoenean, Javi Muñozek egin du 89. minutuan (0-3).

2:46

Ondoren, Cirboneroren txanda izan da, baina ez du zorte handirik izan Intercityren aurkako norgehiagokan. Nafarrek bizirik eutsi diote bigarren zatira arte, 52. minutuan talde bisitariak partidako gol bakarra sartu baitu, nafarrak lehen kanporaketan txapelketatik kanpo utziz (0-1).

San Juanek, txapelketa jokatzen ari zen beste talde nafarrak, amaiera bera sufritu du, eta 0-2 galdu du bere zelaian entrenatzaile berria, Iñaki Bea amurriarra, zuen Numantziaren aurka, Dominikar Errepublikako entrenatzaile kargutik kendu ondoren. Markagailuak lehen zatian berdinketa markatzen bazuen ere, nafarrek ezin izan diote aurkariaren erasoari eutsi bigarren zatian.

Alavesek zorte hobea izan du Lleidaren aurka. Garcia Plazak zuzentzen dituen mutilek partida irabazi dute Taichi Hararen golari esker. Lleidak ez dizkio gauzak erraz jarri talde babazorroari. Taichi Harak gola sartu du atsedenalditik bueltan buruz errematatutako korner batean (0-1).