Itxi

Futbola

Errege Kopa

Valladolidek amaiera eman dio Arenasen Kopako ametsari (1-5)

EITB Media

Getxoko (Bizkaia) taldeak 1 eta 5 galdu du Gaztela eta Leongoaren aurka Errege Kopako bigarren kanporaketako partida. Irabazten hasi da Arenas, baina Valladolidek emaitza irauli du atsedenaldira iritsi orduko.

4:34
Arenas - Valladolid

Valladolidek amaiera eman dio Arenasek Errege Kopan izan duen ibilbideari asteazken honetan (abenduak 21) Gobelan (Getxo, Bizkaia) jokatu den bigarren kanporaketan Getxoko taldea mendean hartuta (1-5). Bigarren RFEF Mailako taldeak ezin izan du ezustekoa eman Lehen Mailakoaren kontra.

Getxo taldea gogotsu eta erasokor zelairatu da, eta gola sartu du 29.minutuan; Bengoetxeak egin du 1-0ekoa Elorzaren erdiraketa buruz errematatuta. Etxekoen golak poza eta zoramena eraman du harmailetara.

Hala ere, pozak ez dio asko iraun Arenasi, norgehiagokako 34. minutuan Escuderok banakoa jarri baitu markagailuan (1-1) erremate on batekin Landeta atezaina gaindituta.

Berdinketak lasaitasuna eman dio Valladolidi, eta talde bisitaria nagusi izan da lehen zatiaren azken txanpan. Gauzak horrela, atsedenaldira iritsi orduko bigarren gola sartu dute Gaztela eta Leongokoek Weissmanen bitartez (1-2).

Bigarren zatian jaun eta jabe izan da Valladolid eta Arenas ezinean ibili da. Hala bada, 53. minutuan, Ivan Sanchezen golak (1-3) partida ia erabakita utzi du.

Luze egin zaio neurketa Arenasi. Nekea igarri du Getxoko taldeak, eta horretaz baliatu da Valladolid garaipena biribiltzeko. Azken ordu laurdenean beste bi gol egin ditu Pachetak zuzentzen duen taldeak Kike Perezen (1-4, 76. min) eta Sergio Leonen (1-5, 80. min) bitartez.

Azkenean, Arenas galtzaile izan da, baina momentu batez amets eginarazi die Gobelara gerturatu diren zaleei.

Fitxa teknikoa:

1 - Arenas Club: Landeta; Bravo, Paul Alvarez, Gomeza, Gastesi (Lazkano, 71. min); Escobar (Unai Garcia, 56. min); Elorza, Guille Alonso, Arzuaga (Markel Goñi, 71. min), Bengoetxea (Argente, 77. min); eta Zorrilla (Iñigo Lopez, 56. min).

5 - Valladolid: Asenjo; Lucas Rosa (Luis Perez, 79. min), Joaquín, Javi Sanchez (Feddal, 79. min), Escudero; Monchu (Gonzalo Plata, 67. min), Aguado, Roque Mesa; Ivan Sanchez (Kike Perez, 70. min), Oscar Plano eta Weissman (Sergio Leon, 67. min).

Golak: 1-0, 29. min: Bengoetxea. 1-1, 34.min: Escudero. 1-2, 45. min: Weissman. 1-3, 53. min: Ivan Sanchez. 1-4, 76. min: Kike Perez. 1-5, 80. min: Sergio Leon.

Epailea: Carlos del Cerro Grande. TXartel horiak atera dizkie Gastesi (61. min), Iñigo Lopez (85. min) eta Guille Alonso (86. min) Arenaseko jokalariei, baita Monchu (24. min), Joaquin (52. min), Kike Perez (86. min) eta Roque Mesa (89. min) Valladolideko futbolariei.