Futbola
HERIOTZA
Gianluca Vialli futbolari italiarra hil da 58 urte zituela
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Besteak beste, Sampdoria, Juventus eta Chelsea taldeetan aritutako jokalariak, hainbat garaikur irabazi zituen bai Italiako zein Ingalaterrako txapelketetan, zein nazioartean, hala nola 1995-96 denboraldiko Txapeldunen Liga.
-
Gianluca Vialli. Argazkia: EFE
Gianluca Vialli Italiako futbol jokalari ohia ostiral honetan hil da, 58 urte zituela, Londreseko ospitale batean, duela bost urtetik pairatzen zuen pankreako minbiziaren eraginez. Gaixotasun horren ondorioz, Italiako futbol selekzioaren ordezkaritzako arduradun izateari utzi behar izan zion iragan abenduaren 14an.
Italiako Futbol Federazioak (FIGC) bere heriotza baieztatu du, eta minutu bateko isilunea egitera deitu du hurrengo asteburuko partida guztien hasieran.
L’Italia del calcio piange Gianluca Vialli. Gravina: “Quello che ha fatto per la maglia azzurra non sarà mai dimenticato”https://t.co/N3fDIf5YL1 pic.twitter.com/ybzEviQE7X
— FIGC (@FIGC) January 6, 2023
Vialli Italiako futboleko futbolari, buruzagi eta entrenatzaile garrantzitsuenetako bat izan zen laurogeita hamarreko hamarkadan.
Cremonan (iparraldean) jaiotako, erdiko aurrelari gisa jokatu ohi zuen, eta 1980an hasi zuen bere ibilbidea Cremonesen. Bertan lau denboraldi eman ostean, Sampdoriak fitxatu zuen (1984). Talde horretan egungo Italiako selekzioko hautatzaile den Roberto Mancinirekin batera aritu zen.
Bien artean adiskidetasun sendoa sortu zen, eta biek batera historia egin zuten; izan ere, Genovako klubak bere palmaresean duen Scudetto (Italiako Liga Txapelketa) bakarra (1991), Italiako hiru Kopa (1985, 88 eta 89) eta Italiako Superkopa bat (1991) irabazi zituzten.
Ondoren, Juventusetik igaro zen (1992-1996), non Italiako Liga, Kopa eta Superkopa bereganatu zituen 1994-95 denboraldian, baita 1996ko Txapeldunen Liga ere. Turinetik Chelseara egin zuen jauzi (1996-1999), eta hantxe hartu zuen erretiroa, hori bai, aurretik FA Cup, EFL Cup (gaur egungo Carabao Cup) txapelketak eta Europako Errekopa irabazi zituen. 1998an irabazitako Errekopan Chelseako entrenatzaile karguan lortu zuen, jokalaria izateari utzi gabe, eta finaleko hasierako hamaikakoan izan zen.
Behin erretiratuta, entrenatzaile gisa aritu zen Ingalaterran, Chelsea eta Watford taldeetan, hain zuzen ere, baina arrakastarik gabe.
2019ra arte ez zen berriro aulki batean sartu. Orduan, bere lagun min Roberto Manciniren eskutik, Italiako selekzioaren ordezkaritzako buru izendatu zuten, eta bi urte geroago 2020ko Europako Txapelketa altxatu zuen.