Itxi

Futbola

Txapeldunen Liga

Inter Milanek 1-0 menderatu du Porto eta Leipzigek eta Manchester Cityk berdindu egin dute, Txapeldunen Ligan

EITB MEDIA

Lukaku aurrelariak egin du Inter Milanen gola; Italiako taldea, beraz, gol bateko abantaila duela joango da Portora. Alemanian, Manchester Cityk sartu du lehenengo gola, baina bigarren zatian Leipzigek markagailua parekatu du, eta 1-1 amaitu da partida.

  • Lukakuk gola egin du Inter Milanentzat; irudian, gol hori ari da ospatzen. Argazkia: EFE.

    Lukakuk gola egin du Inter Milanentzat; irudian, gol hori ari da ospatzen. Argazkia: EFE.

Inter Milanek 1-0 menderatu du Porto eta RB Leipzigek eta Manchester Cityk 1-1 berdindu egin dute asteazken gauean, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako bi kanporaketa horietako joaneko partidetan. Italian, Romelu Lukaku aurrelari belgikarrak egin du Inter Milanen gola, 86. minutuan, eta bere taldea, beraz, gol bateko abantaila duela joango da Portugalera; Leipzigen, Riyad Mahrezek sartu du lehenengo gola, 0-1ekoa, Manchester Cityrentzat, 27. minutuan, baina etxeko taldeak berdinketa lortu du bigarren zatian, 70. minutuan, Josko Gvardiolen eskutik, eta partida 1-1 amaitu da.

Inter Milan eta Porto taldeek, aurreikuspena betez, partida oso parekatua jokatu dute Milanen, Giuseppe Meazza futbol zelaian. Gutxi arriskatu dute biek. Bigarren zatian, baina, apur bat gehiago zabaldu da neurketa, eta bi atezainek, Andre Onanak (Inter) eta Diogo Costak (Porto), lan handiagoa izan dute. Azkenean, Lukakuk sartu du gola, epaileak Portoko Otavio jokalariari txartel gorria atera eta gero. Ondorioz, Italiako Ligako txapelduna abantaila txikiarekin joango da Do Dragao futbol zelaira, baina ez dago ezer erabakita.

Interrek azken minutuetan egin du gola. Emaitza hori tarteko, Portugalgo taldeari amaitu egin zaio azken 22 partidetan izan duen bolada bikaina; izan ere, 22 partida horietan bat ere ez zuen galduta.

Leipzigen, Manchester City argi nagusitu da lehen zatian, baina Pep Guardiolak zuzentzen duen taldeak Marco Roseren gizonen erantzun ona jaso dute atsedenaldiaren ostean. 0-1eko jokaldian, 27. minutuan, Alemaniako taldeak huts egin du, baloiarekin irteten saiatzen ari zenean. Gol hori iritsi arte, Leipzig ondo zebilen atzealdean.

Berdinketak, baina, ondo erakusten du zer gertatu den bigarren zatian: Leipzigek aurrera egin du, eta mendean hartu du Manchester City. Burukada bikain batez sartu du Gvardiolek 1-1ekoa; Ingalaterrako taldeko hainbat jokalarik protesta egin dute, Leipzigeko jokalariak falta egin duelakoan, baina epaileak ez du gola baliogabetu. 20 minutu baino gehiago zituzten bi taldeek aurretik, partida amaitu arte, baina markagailua ez da aldatu.

Itzulerako partidak martxoaren 14an jokatuko dituzte, 21:00etan hasita, Porton eta Manchesterren.