Itxi

Futbola

F Liga

Bartzelona, 2022-2023 F Ligako txapeldun

EITB Media

Barçak irabazi egin dio Sporting Huelvari 3-0eko emaitzarekin 27. jardunaldiko partida eta laugarren ligako titulua jarraian bereganatu du.

  • Bartzelona

    Bartzelonako jokalariak F Ligako garaikurrarekin Johan Cruyff estadioan. Argazkia: EFE

Bartzelona da 2022-2023 F Ligako txapelduna. Igande honetan, apirilaren 30ean, Barçak bere historiako zortzigarren ligako titulua bereganatu du, laugarrena jarraian, Johan Cruyff estadioan Sporting Huelva mendean hartuta (3-0) 27. jardunaldiko partidan.

Txapelketa amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, baina Bartzelonak atzeratutako neurketa bat du jokatzeke. Hala ere, F Liga irabaztea lortu du igande honetan.

Laia Codinak sartu du Huelvaren aurkako norgehiagokako lehen gola 39. minutuan. Bigarren zatian beste bi gol sartu ditu Barçak: Fernandezek (63. min) eta Asisat Oshoalak (89. min) erabakita utzi dute lehia. Gainera, festa biribila izan da Barçarentzat Alexia Putellas berragertu egin baita ia hamar hilabete lesionatuta eman ostean.

Bartzelonak irabazi egin ditu aurtengo denboraldian jokatu dituen 26 partidak. Kataluniako taldeak 61 partida jarraian daramatza irabazita ligan. Azken porrota 2021eko ekainaren 1ean jaso zuen.