Itxi

Futbola

SmartBank Liga

Alavesek edo Eibarrek Levante izango du aurkari Santander Ligara igotzeko finalean

EITB MEDIA

Valentziako taldeak argi kanporatu du Albacete, igotzeko play-offaren lehen kanporaketan, asteazkenean; joaneko partidan, Carlos Belmonte futbol zelaian, lortutako 1-3koari, itzulikoan izandako 3-0eko emaitza gehitu dio.

  • Levanteko jokalariek, partida amaituta, garaipena ospatu dute, zaleekin. Argazkia: EFE.

    Levanteko jokalariek, partida amaituta, garaipena ospatu dute, zaleekin. Argazkia: EFE.

Alaves eta Eibar taldeek partida erabakigarria dute ostegunean, Mendizorrotzan, bakarrak lortuko baitu Lehen Mailara igotzeko finala jokatzeko txartela; galtzailea, berriz, Bigarren Mailan geratuko da. Luis Garcia Plazaren eta Gaizka Garitanoren jokalariek, baina, dagoeneko badakite zein talde izango duten aurkari igotzeko final horretan: Levante. Valentziako taldeak argi kanporatu du Albacete, igotzeko play-offeko azken partidan, asteazkenean; joaneko partidan, Carlos Belmonte futbol zelaian, lortutako 1-3koari, itzulikoan izandako 3-0eko emaitza gehitu dio, Ciutat de Valencia zelaian.

Levante-Albacete (3-0) partidaren laburpena

Itzuliko norgehiagokan, gakoa izan da 20. minutuan izan den jokaldi bat. Pubill Levanteko atzelariak Albaceteko Higinioren gola saihestu du, baloia barrura zihoanean, eta etxeko taldeak, jarraian, kontraeraso azkarra egin du, eta Bruguek 1-0ekoa sartzeko baliatu du.

Albacete nagusitzen saiatu da, itxaropena emango zion golaren bila, baina atzealdean ez da sendo ibili, eta Bruguek bigarrena egin du 40. minutuan. Hala, kanporaketa ia erabakita utzi du.

Bisitariek ez dute amore eman, eta bigarren zatian gola sartzeko moduko abaguneak izan ditu, baina Levantek berriro asmatu du. Soldadok etxekoen hirugarrena egin du 83. minutuan.

Fitxa teknikoa

3 – Levante: Femenias; Pubill, Postigo, Rober Pier (Vezo, 46. min), Alex Muñoz (Saracchi, 78. min); Montiel, Iborra, Pepelu, De Frutos (Soldado, 78. min); Bouldini (Wesley, 58. min) eta Brugue (Son, 64. min)

0 – Albacete: Bernabe; Alvaro Rodriguez, Djetei, Boyomo (Ros, 46. min), Glauder (Alonso, 46. min); Escriche, Olaetxea (Maikel, 72. min), Riki, Fuster; Higinio (Juanma, 46. min) eta Dubasin (Bolivar, 72. min)

Golak: 1-0, 20. min: Brugue. 2-0, 40. min: Brugue. 3-0, 83. min: Soldado.