Itxi

Futbola

Futboleko gerra

Klubek ez dute grebarik egingo eta Liga larunbatean hasiko da

Erredakzioa

Denboraldiko lehenengo norgehiagoka Celtaren eta Malagaren artean izango da. Federazioak Kopako txartel horien zikloa hirura aldatu du.

  • José Luis Astiazarán, Ligako presidentea, eta Miguel Cardenal. Argazkia: EFE.

    José Luis Astiazarán, Ligako presidentea, eta Miguel Cardenal. Argazkia: EFE.

Espainiako Futbol Ligaren biltzarrak asteburuan jokatuko diren partiden ordutegiak baieztatu ditu eta Liga larunbatean hasiko da. Ligarekin ados ez dauden klubek grebarik ez egitea erabaki dute; Mediapro eta Canal Plus telebista operadoreen arteko akordioaren zain geratu dira. Athleticek Malaga izango du aurkari, igandean 19:00etan; Bartzelonak Reala hartuko du 21:00etan, eta Deportivok Osasuna, astelehean 19:00etan.

Miguel Cardenal, Kirol Kontseilu Gorenaren presidentea, biltzarrean egon zen, eta Ligaren eta hamahiru klub 'matxinatuen' arteko harremanak erraztu zituen. Hamahiru kluben artean Reala, Athletic eta Osasuna daude. Klub horiek Ligak Batzar Orokorra deitu izana “errespetu faltatzat” hartu zuten, Lehenengo Mailako kluben biltzarraren ordez. 'Matxinatuak' gehiengoa dira Lehenengo Mailako biltzarrean.

Lehiaketaren hasieraren inguruan akordiora heldu arren, futboleko gerrak oraindik jarraitzen du. Hamahiru klubek Ligak eure eskakizunak ez dituela kontuan hartzen uste dute, baina erretransmisioak baieztatuko dituen telebista operadoreen arteko akordioaren zain daude. “Operadoreek eroso egongo diren akordioa lortzea garrantzi handikoa da”, esan du Cardenalek.

Aldaketak Errege Kopan

Federazioak, bestetik, Errege Kopako txartel horien zikloa aldatu du: bostetik hirura igaro da. 2012-13 denboralditik aurrera, hiru txartel hori ikusten dituzten jokalariek partida bateko zigorra jasoko dute. Aldaketa ez da Ligan emango. Ligan bosgarren txartel horia “nahita eragiten” duten jokalariak beste partida batekin izango dira zigortuta.