Itxi

Futbola

Txapeldunen Liga

Mourinho: 'Ni naiz egoera honen arduraduna'

Erredakzioa

Real Madrileko entrenatzaileak Txapeldunen Ligako partidaren atariko prentsaurrekoan hitz egin du. Manchester Cityren aurka, ‘taldea’ izango duela gaineratu du.

  • José Mourinho. Argazkia: EFE

Real Madrilek Manchester Cityren aurka jokatuko du asteartean Txapeldunen Ligan, eta Jose Mourinhok partida horren atariko prentsaurrekoan hitz egin du. Taldearen bolada txarraren erruduna bera dela adierazi du.

“Uste dut bihar taldea izango dudala. Talde moduan jokatu beharra daukagu, daukagun guztia emanez eta elkarri lagunduz. Daukagun guztia emango dugula uste dut. Urduritasunak eragina izan dezake gure jokoan, Sevillaren aurka galtzetik baikatoz. Zaleak ez dira leloak, eta badakite Sevillaren aurka partida txarra jokatu genuela. Baina bihar gure jokoan sinistu beharra daukagu”, esan du Mourinhok.

Aterako duen hamaikakoaren inguruan, hau esan du entrenatzaile portugaldarrak: “Ez da aldaketa handirik egongo hamaikakoan. Ez da jokalariak seinalatuta uzteko hamaikakoa izango. Partida irabazteko ditudan jokalari onenak ateratzea da nire asmoa. Partida zaila daukagu, eta aurkaria oso talde indartsua da”.

“Nik esandako hitzak Sevillaren aurka galdu aurretik ere esan nituen. Horrenbestez, ezin dira kritika moduan hartu. Ez da kritika, ziur egotea baizik. Ni naiz erruduna, ez naizelako jokalariak motibatuta edukitzeko gai izan. Ez dut lortu nire jokalariek daukaten guztia ematea”, gaineratu du Real Madrileko entrenatzaileak.

Mourinhok jokalariekin duen harremanaz ere arazorik gabe hitz egin du: “Nire jokalariekin daukadan harremana oso ona da. Nire jokalariekin daukadan harremana baino hobea izatea ezinezkoa da. Badakit nire jendeak maite nauela, eta horrekin nahikoa zait. Nire familiak, nirekin lan egiten duen jendeak, nire talde teknikoak eta nire jokalariek, maite naute. Guztiekin harreman bikaina dut. Nik ez dut inoren motibaziorik behar. Ni neu nahikoa naiz neure burua motibatzeko. Gaizki egiten dugunean, autokritikoa naiz. Ez naiz pozik egoten galtzen dugunean, oso gaizki egoten naiz”.