Itxi

Futbola

Espainiako Superkopa

Bartzelonak Real Madril jipoituta irabazi du Espainiako Superkopa Saudi Arabian

Agentziak | EITB Media

Galtzen hasi arren, bikain aritu da Hansi Flicken taldea, eta atsedenaldirako 1-4 joan da markagailuan. Bigarren zatian Szcezesny atezaina kanporatu du epaileak, eta horrek Bartzelonaren erauntsia gelditu du. Alabaina, Carlo Ancelottiren taldeak ez du inolako aukerarik izan emaitza iraultzeko.

  • Bartzelonako jokalariak, Espainiako Superkoparekin. Argazkia: EFE

    Bartzelonako jokalariak, Espainiako Superkoparekin. Argazkia: EFE

Bartzelonak Real Madrilen aurka erakustaldia emanda irabazi du Espainiako Superkopa (2-5), Saudi Arabian. Jiddako King Abdullah estadioan jokatu den finala ikusgarria izan da.

Hansi Flicken taldeak goi-mailako lehen zatia egin du, eta atsedenaldira 1-4ko abantailarekin joan da, neurketaren hasieran Mbappek sartutako gola iraulita. Lamine Yamal, Raphinha, Lewandowski eta Alejandro Balde izan dira golegileak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Raphinhak bosgarrena sartu du, baina ondoren epaileak Szczesny atezaina kanporatu du, area kanpoan falta egin duelako, eta horrek Bartzelonaren erauntsia gelditzea ekarri du. Rodrygok jaurti du falta hori, eta 2-5ekoa jarri du markagailuan.

Jokalari bat gutxiagoarekin, Barçak atzerapauso bat eman behar izan du, baina, hala ere, Carlo Ancelottiren taldeak ez du ahalmen nahikorik erakutsi finalari buelta ematen saiatzeko ere. Horrenbestez, Flicken aroko lehen titulua modu ikusgarrian bereganatu du Bartzelonak.

Madrilek bi aldiz jokatu du denboraldi honetan Kataluniako taldearen aurka eta bietan jipoituta amaitu du: Bernabeun, 4 gol jaso zituen, eta gaur, bost. Badu zer zuzendu Ancelottik.  
 

FITXA TEKNIKOA

2 – Real Madrid: Courtois; Lucas Vazquez (Asencio, 52. min.), Tchouameni (Modrid, 64. min.), Rüdiger, Mendy (Fran Garcia, 76. min.); Valverde, Camavinga (Ceballos, 46. min.), Bellingham; Rodrygo, Vinicius (Brahaim, 76. min.) eta Mbappe.

5 - FC Bartzelona: Szczesny; Kounde, Cubarsi, Iñigo Martinez (Araujo, 28. min.), Balde; Casado, Pedri; Lamine Yamal (Olmo, 59. min.), Gavi (Iñaki Peña, 59. min.), Raphinha (Ferrán Torres, 79. min.); eta Lewandowsky.

Golak: 1-0: Mbappe, 5. min. 1-1: Yamal, 22. min. 1-2: Lewandowsky (penaltiz), 36. min. 1-3: Raphinha, 39. min. 1-4: Balde, 55+. min. 1-5: Raphinha, 48. min. 2-5: Rodrygo, 60. min.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horia atera die Camavingari (35. min.), Iñigo Martinezi (53+. min.), Rudigerri (53. min.), Viniciusi (55. min.), Tchouameniri (62. min.), Lewandowskyri (77. min.), Asenciori (77. min.), Araujori (86. min.) eta Raphinhari (89. min.). Txartel gorria atera dio Szczesnyri (56. min.).